EAJ-PNVk Madrilgo Kongresuan duen bozeramaile Maribel Vaquerok aditzera eman duenez, uda oro itzulera operazioetan Irungo trafikoan eman ohi diren arazoen jatorrira jo beharra dago egoera bideratzeko. Ordezkari jeltzaleak Cristina Laborda alkateari arazoaren arreta desbideratu izana leporatu dio, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari ardurak, azpiegitura berriak eta aparteko-neurriak eskatuz, Irungo alkate sozialistak «demagogia» egin duelakoan baitaude.
Izan ere, jeltzaleen ustez, «Irun eta Bidasoaldea kolapsatzen dituzten auto-ilarek Frantziako agintariek mugan eta Biriatu inguruan ezarritako murrizketetan, errei-itxieretan eta kontroletan dute arrazoi nagusia». Vaqueroren arabera, arazoa ez da Irunen errepideak falta direla, Frantziak muga itogune bihurtu duela baizik. EAJ-PNVk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak dioenez, «erabakiak Frantzian hartzen dira, baina auto-ilarak hemen pairatzen ditugu».
Hortaz, arazoei aurre hartzea ezinbestekoa dela deritzo, eta horretarako koordinazioa eta konponbideak eta herritar guztien interesa bilatuko dituen erakundeen arteko lankidetza eskatu du. Oroitarazi du ere, Eusko Jaurlaritza udaltzaingoekin lanean ari dela trafikoa kudeatzeko, eta Frantziako agintariekin ere bai, horrelako egoeren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatzeko. Hala ere, bada errepideei buruzko eztabaida baten atzean ezkutatu ezin dugun errealitate bat bere ustez, «mugaren edukiera murrizten duten erabakiak Frantzian hartzen dira, baina auto-ilarak hemen pairatzen ditugu, eta Frantziak igarobideak ixten edo mugatzen dituenean, orain gertatzen ari den bezala, Bidasoaldea Europako muga baten itxaron-eremu bihurtzen da automatikoki», salatu du.
EAJ-PNVren ustez, egoera honek esku-hartze puntualetatik harago joatea eta erakundeen arteko lankidetzarako mekanismo egonkor bat ezartzea eskatzen du, auto-ilarek neurri jasanezinak hartu aurretik neurriak koordinatu ahal izateko. «Has gaitezen arazoari dagokion izenez deitzen: muga bat dugu, eta haren murrizketek Bidasoaldeko mugikortasuna eta Euskadik Europarekin duen lotura itotzen ari dira. Eta arazoa konpontzeko, haren jatorrian ere jardun behar da: mugaren beste aldean. Estatuko Gobernua ezin da ikusle hutsa izan», amaitu du Vaquerok.
Bozeramaile jeltzaleak Espainiako Gobernuari inplikazio handiagoa eskatu dio, bai Frantziako agintariekiko solaskidetzan, bai konponbide koordinatuak bilatzeko orduan: «Gaur egun Garraioetako Estatu idazkaria denak oso ondo ezagutzen ditu mugaz gaindiko trafikoak Irunen eta Bidasoaldean dituen ondorioak». Alde horretatik, Jose Antonio Santano Irungo alkate zenean ere, Espainiako gobernuari mugatik eratorritako arazoen konponbidean inplikatzeko eskatzen ziola gogoratu du Vaquerok, eta orain bere esku dagoela nabarmendu du.
Errepide-sarea hobetzeko beharra
Bozeramaile jeltzaleak gogorarazi duenez, aurreikuspenen arabera, 2,7 milioi ibilgailuk zeharkatuko dute muga uda honetan, 2025eko aldi berean baino %6 gehiagok. Neurri handi batean, Itsasartea Igarotzeko Operazioarekin (OPE) lotutako nazioarteko trafikoa da: Afrika iparraldetik, Portugaletik edota Espainiako hegoaldetik datozen milaka ibilgailuk Euskadi zeharkatzen dute, Europako hainbat tokitara bidean.
Zentzu horretan, mugako igarobidearen edukiera gainditzen denean, auto-ilarak berehala uzten diote AP-8ra mugatutako arazo izateari. Trafikoa Irunera, eskualdeko errepideetara eta Gipuzkoako beste bide batzuetara desbideratzen dela aitortzen du Vaquerok, egoera are gehiago larriagotuz, eta nabigazio-aplikazioek milaka ibilgailu ibilbide-alternatiboetara eta bigarren mailako errepideetara bideratzen dituztenean, bide horiek ere ez baitute zirkulazio-bolumen hori xurgatzeko gaitasunik.
Alde horretatik, «jakina, gure errepide-azpiegiturak hobetzen jarraitu behar dugu, eta Irunen zein Gipuzkoa osoan mugikortasuna hobetzeko lanean jarraitu. Inork ez du hori zalantzan jartzen», argitu du Vaquerok. Baina egun hauetako auto-ilarak errepide gehiago eraikita besterik gabe konponduko direla sinetsarazi nahi izatea arreta nahita desbideratzea dela uste du. «Arduragabea da tamaina honetako mugaz gaindiko arazo bat sinplifikatzea, barne-borroka politiko bihurtzeko», kritikatu du Vaquerok.