Irungo Udalak hiriko sei hezkuntza zentrotan esku hartu du uda honetan hainbat hobekuntza egiteko. Eskola bakoitzak urtero identifikatzen dituen egin beharreko konponketa txikiak urte osoan zehar erantzuteko lanean dabiltzala nabarmendu dute gaur, Hezkuntza eta Obretako udal ordezkariek. Baina obra handiagoak eskatzen dituzten lanak egiteko udako oporraldietan eskolak hutsik daudela aprobetxatzen dute urtero.
Gorka Alvarez, Obra eta Mantentze eta Azpiegituretako zinegotziak azaldu duenez, uda honetan 451.254 euroko inbertsioa bideratu dute sei hezkuntza zentrotan hobekuntzak egiteko. Elatzeta ikastetxean Haur Hezkuntzako jolastokiaren parkea berritzen hasi dira aste honetan, ikasturte hasierarako prest egoteko asmoz. Eta udan Lehen Hezkuntzako jolastokiaren zoladura berritu egin dute.