Irun Zuzenean festibalak prest du bere kartela. Urriaren 3tik 31ra, larunbatero, musika zuzenean aditzeko aukera egonen da jaialdiaren izen bera duen CBAko aretoan. Proposamen berritzaileak eta dagoeneko ibilbide luzea duten artistek bat eginen dute eszenatokian eta adin eta gustu desberdinetako publikoak ere izanen du zer ikusi eta zer aditu hilabete osoan zehar. Hueccok San Juan Plazan doan emanen duen kontzertuarekin hasiko da zikloa eta ondotik, Jimena Amarillo, Biznaga, Pipiolas, Carlos Sadness, La Habitacion Roja, La Paloma, Garazi Esnaola eta Amaia Miranda igoko dira oholtza gainera.
Hamar edizio baino gehiago ditu Irun Zuzenean festibalak, eta espazioa aldatu bada ere, geroz eta ikusle gehiago hurbiltzen da urtero musika zuzenean aditzera. Izan ere, Nuria Alzaga Irungo Udaleko kultur zinegotziak adierazi duen bezala, soinu aldetik hobekuntza nabarmena izan da Irun Zuzenean aretoan ospatzea jaialdia. Horrez gain, estilo desberdinetako artistak etortzen dira eta horrek publiko anitza erakartzen du: “Orain arte Ficoban egiten zen jaialdia eta bi egunetan ospatzen zen. Iaz, CBAren Irun Zuzenean aretoaren irekierarekin, bertan eduki genuen zikloa eta espazio aldetik aldaketa nabarmena izan zen. Espazio ireki eta itxian egin ziren kontzertuak eta hilabete osoan zehar. Gainera, artista desberdinak etorri ziren eta publikoa ere anitza izan zen”.
Urriko larunbat guztietan bina kontzertu eskainiko dira zikloaren barrenean eta artista berriak, eta ez hain berriak, igoko dira oholtza gainera. “Alde batetik, sendotuta dauden artistak daude kartelean. Bestetik, berriak eta euskara sustatzen dutenak”, dio Alzagak. Gaineratu duenez, profil oso desberdinak dituzten artistak ere badira: “Profil oso desberdinak izango ditugu: rock, indie, euskal musika… Honek beste aukera batzuk ematen ditu, bai eskaintza aldetik, baita ikuslearen profiletik ere”. Publiko guztiak komunean duena musika zuzenean aditzeko nahia da, baina musika estilo desberdinak eskaintzea, jaialdia aberatsagoa izatea ekartzen duela argi du zinegotziak.
Programazioaren aldetik, Huecco-rekin hasiko da jaialdia, urriaren 3an, San Juan Plazan doan emanen duen kontzertuarekin. Urriaren 10ean berriz, Jimena Amarillo eta Biznaga igoko dira oholtza gainera; urriaren 17an, Pipiolas eta Carlos Sadness-en txanda izanen da; urriaren 24an, La Habitacion Roja eta La Paloma taldeen; eta azkenik, zikloa borobiltzeko, urriaren 31n, Garazi Esnaola eta Amaia Mirandaren kontzertuak ospatuko dira. Kontzertu “interesgarriak” direla aitortu du Alzagak, emakumezko artista anitz eta gazteak. Horri ere garrantzia eman diote kartela osatzerako momentuan: “Beste behin apustua egin dugu kartelean eta askotan lekurik ez duten emakumeak ekarri ditugu. Talde ezagunak daude, baina agian hain ezagunak ez direnak ere. Jendeak ezagutzen ez dituen taldeez ere gozatzen du eta hori oso esperientzia polita da”. Kontzertuak lotzerako orduan gainera, irundarren proposamenak kontuan hartu dituztela azpimarratu du zinegotziak: “Irundarrek proposatutako hiru talde daude aurtengoan. Kasu egitea garrantzitsua da guretzat. Oraindik lan asko dugu egiteko, baina hortan jarraitzen dugu. Batzuetan ezin dira proposamen horiek aurrera eraman, baina kontuan hartzen ditugu. Aurten lortu dugu eta uste dugu jendearekin harreman hori garrantzitsua dela”.
Irun Zuzenean festibalerako sarrerak salgai daude dagoeneko, www.irun.org webgunearen bitartez. Egun solteetarako sarrerak eros daitezke eta adinaren araberako prezioa izanen dute. Badira ere GazteARTEan-ekin elkarlanean adostutako egunak eta horiek prezio berezia izanen dute denentzat, ikuslearen adina edozein dela ere. Horrez gain, aurtengo berrikuntza bonuak izanen dira. Huecco doan dela kontuan hartuta, bertze zortzi kontzertuetarako sarrera bakar bat eros daiteke, larunbat guztietarako sarbidea ematen duena: “Beti dago zer hobetu eta aurten bi aldaketa gehiago sartu ditugu. Bata bonuak dira. Konturatu ginen jendea kontzertu guztietara joaten zela eta beraz, erraztasun hori eman nahi genuen. 40 euroan eros daiteke zortzi kontzertuak ikusteko bonua, 30 euroan gazte eta 65 urtetik gorakoentzat”.
Bertze berrikuntza aitzinerago azalduko dute. Nuria Alzagak aipatu duen bakarra, “kontzertu eta kontzertu artean”, larunbatero, “sorpresak” egonen direla da. Beraz, urrian zehar jaialdira joateko deia egitearekin batera, interesa dutenei adi egotera gonbidatu die zinegotziak, heldu diren asteetan emanen baitute xehetasun gehiagoren berri.