Hiriko bost Haurtxokoetan izena emateko epea ireki du Irungo Udalak

Antxeta Irratia 2026ko irailaren 1a

Irungo Haurtxokoen sareak urriaren 5ean zabalduko dituzte, eta izena emateko epea irailaren 9a arte dela aprobetxatuta, ate irekien egunak antolatu ditu Irungo Udalak. 4 eta 11 urte bitarteko haurrak dituzten familiek zerbitzua eta hezitzaileak ezagutzeko Erdialdea, Landetxa-Katea, San Migel, Lapize eta Palmera-Monteroko Txikilabeko haurtxokoak irekita egongo dira irailaren 3an eta 4an, 10:00etatik 12:00etara, baita datorren astelehenean ere, irailaren 7an, 16:30etatik 18:30etara.

Irungo haurtxokoen sarea, familiei kontziliatzen eta moldatzen laguntzeko ez ezik, 4 urtetik 11 urtera bitarteko haurren abilezia sozial, kultural eta artistikoak sustatzeko sortu zuen Irungo Udalak. Azken urteetan sarea zabaltzen joan dira haurtxoko berriak irekiz eta haien eskaintza aberastuz, izan bertan egindako jarduerekin, izan tailer eta irteera ezberdinekin. 

Heldu den urriaren 5etik aurrera (eta ekainak 18 arte), urtero bezala, astelehenetik ostiralera bitarteko programaz gain, larunbata goizetan familia osoarentzako beste proposamen batzuk eskainko dituzte ikasturte honetan, Familia ta Lagun eta Sormen Tailerrak programen bidez. 

Ikasturte berriari izena-emateko kanpainarekin ekin dio udaleko Gazteria arloak, eta iragarri dutenez, aurten guztira 336 plaza eskainiko dituzte hiriko bost haurtxokoetan. Eta San Migel auzoko haurtxoko berria izango da aurtengo berritasun nagusia, Emigrazio Eraikinean. Izan ere, San Migel auzoko haurtxokoa Emigrazioaren eraikin birgaitu berrira lekuz aldatu dute, bertara eraman baitira orain arte behin-behinean Pinudiko Rantxoan egiten ziren jarduerak.

Aurreko ikasturteetan bezala, haurtxoko bakoitzean, 4 urtetik 8 urtera bitarteko haurrentzako bi txanda izango dira, eta 9 urtetik 11 urtera bitarteko haurrentzako bat:

  • Erdialdeko haurtxokoa (Gipuzkoa hiribidea, 8): 24 plaza txanda bakoitzean.

  • Palmera Monteroko «Txikilab» haurtxokoa (Jose Antonio Loidi Bizkarrondo kalea, 12): 24 plaza txanda bakoitzean.

  • Lapitzeko haurtxokoa (Deskarga kalea, 17): 24 plaza txanda bakoitzean.

  • Kateko haurtxokoa (Araba kalea, 46): 24 plaza txanda bakoitzean

  • San Migeleko haurtxokoa (Emigrazioaren eraikina - Bartolome de Urdinso kalea, 2): 15 plaza txanda bakoitzean.

Gaitasun ekonomikoen araberako tarifak

Haur Txokoen prezioei dagokienez, Irungo Udalak iaz martxan jarritako erabiltzaile bakoitzaren gaitasun ekonomikoaren arabera ordaintzeko sistema mantenduko du. Horrela, haurtxokoen zerbitzuan ere, ondarearen eta diru-sarreren mailaren arabera egokituko da ordaindu beharreko zenbatekoa. Oinarrian lau tarifa tarte aurreikusten dituzte familiaren diru-iturrien arabera. 19.417 eurotik beherako errenta dutenek tarifa osoaren % 5 ordaindu behar dute, Bigarren tartean, %35a ordaindu beharko dute 29.911 eurotik beherako errenta dutenek, eta 3. tartean, 37.136 eurotik beherako errenta dutenek tarifaren %75 ordaindu behar dute. Azkenik, 37.136 eurotik gorako errenta: tarifaren %100 ordaindu behar dute. Hau da, 4-8 urte arteko haurren kasuan, astean bi eguneko erabiltzaileek 107,85 eurokoa tarifa izango da osoa. Eta asteko egun bakarreko tarifa 9-11 urte artekoentzat, aldiz, 53,90 eurokoa. 

Izen-emateak eta ate irekiak

Interesa duten familiek irailaren 9ra bitarteko epea dute beren semea edo alaba hiriko bost haurtxokoetako batean inskribatzeko. HAZen bulegoan (San Martzial kalea, 2), online egoitza elektronikoan edo HAZeko autozerbitzuko terminaletan egin daiteke. Eta zozketarako onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak irailaren 14tik 16ra bitartean plazaratuko dituzte Irungo Udalaren webgunean. Argitu dutenez, eskaria eskaintza baino handiagoa bada zozketa bat egingo dute irailaren 21ean, eta emaitzak irailaren 24an argitaratuko dituzte.

Ordainketa eta behin betiko izen ematea irailaren 24tik 30era bitartean egingo dira, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Eta Erreserben kudeaketa urriaren 1etik aurrera egingo da, eta Haurtxokoek 2026ko urriaren 5etik 2027ko ekainaren 18ra bitartean emango dute zerbitzua, bi egun horiek barne.

Bestalde, haurtxokoetan ate irekien egunak ere antolatu dituzte, 4 eta 11 urte arteko haurrak dituzten familiei zerbitzua bera eta hezitzaileak ezagutzeko aukera emateko. Horrela, Erdialdeko, Kateko, San Migeleko, Lapizeko eta Txikilabeko haurtxokoak irekita egongo dira datorren ostegun-ostiraletan, irailak 3 eta 4, 10:00etatik 12:00etara, bai eta datorren astelehenean ere, irailaren 7an, 16:30etatik 18:30etara.

Era berean, Haurtxoko zerbitzua ezagutzera emateko asmoz, festa bat egingo da datorren larunbatean, irailak 5, interesa duten familientzat. Bi hitzordu proposatzen dituzte 11:00etatik 13:00etara Zabaltza plazan eta Landetxa-Katea auzoko haurtxokoan (Araba kalea, 46).

Zabaltza plazan egurrezko jolas erraldoiak eta aurpegi-margotzeak, eta DJ Mikeltxinen animazioa izango da. Eta Landetxa-Kateako haurtxokoan, aldiz, puzgarriak eta egurrezko jolasak egongo dira.

Informazio gehiago, GazteARTEan-en webgunean.