2027ko urtarrilaren 1etik airrera Irungo Udalak Egonaldi Turistikoen gaineko zerga hirian aplikatzeko proposamena aurkeztuko du. Baina legez aplikatu daitekeen gutxieneko tasa aurreikusten du VT erabilera turistikoko etxebizitzetarako.
Nuria Alzaga Ogasuneko ordezkariak aditzera eman duenez, Irungo Udalak sektore turistikoko profesionalekin egoera “zuhurtziaz” aztertu du, eta proposamena sektore turistikoko profesionalekin kontrastatu dute, eta turismo-ostatuko kategoria bakoitzerako araudian aurreikusitako gutxieneko tarifak aplikatzea planteatu du. Salbuespen gisa, gehieneko tarifa 6,50 eurokoa izango litzateke erabilera turistikoko etxebizitzetarako, pertsona eta gau bakoitzeko.
Irun bizitegi merkatuko gune tenkatua edo tentsionatua dela gogorarazi du udalak. Eta horren arabera, etxebizitza eskuratzeko eta bizitegi-erabilera babesteko politikak garatzeaz gain, erabakiak koherenteak izan behar dutela adierazi du udalak. Alzagaren arabera, zerga berri honen "neurrizko aplikazioa" egin nahi dute. Horregatik, ostatu-kategorietarako aurreikusitako gutxieneko tasak proposatzen dituzte, eta, aldi berean, erabilera turistikoko etxebizitzetarako maximoa planteatzen dute. Halako 25 apartamentu turistiko daude gaur egun Eusko Jaurlaritzaren erregistroetan Irunen ofizialki alta emanak.
Jarduera turistikoaren eta ekonomikoaren gakoa oreka bilatzea dela aipatu du udal ordezkariak. “Jarduera turistikoa sustatu behar dugu etxebizitza-politikarekin uztartuz, bien arteko liskarrik sortu gabe”, dio Alzagak.
Onartu nahi duten araudiak hainbat salbuespen ditu, besteak beste, adingabekoen egonaldiak, osasun arrazoiengatik, %65eko edo gehiagoko desgaitasunagatik edo mendekotasunagatik, EAEn ikasketak edo ikerketa egiteagatik, gizarte-programengatik eta ezinbesteko egoerengatik ostatu hartzen dutenentzat ez baita berdin aplikatuko, baina establezimenduan agiri bidez egiaztatu beharko dute.