Irungo familia baten etxegabetzea bertan behera utzi du Kutxabankek

Antxeta Irratia

Heldu den astelehenean iragarria zuten alokairuzko etxebizitzatik kaleratzea saihestea lortu du Lorenak, eta Kutxabankek etxea erosteko prezio eskuragarria ezartzea onartu du Irungo epaitegian eramandako negoziazio prozeduran. Bere bost semeekin etxean bizitzen jarraitzeko aukera izango du, eta urriaren 30era arteko epea izango du etxea erosteko.

Kaleratzeak Stop plataformak aditzera eman duenez, datorren irailaren 7an Irunen iragarrita zegoen etxegabetzea bertan behera geratu da. Izan ere, Kutxabankek etxegabetzea atzeratzeko prozedura jarraitu du negoziazio bideak adostuz. Plataformak argitu du, Irungo Bigarren Instrukzio Epaitegian etxegabetzea urriaren 30era arte atzeratzeko idatzia aurkeztu duela Gipuzkoako aurrezki kutxak, eta beraz, Lorena eta bere bost semeek aukera izango dute etxean bizitzen jarraitzeko.

Aipatutako negoziazioetan etxea erosteko prezio eskuragarria ezarri dio Kutxabankek Lorenari, eta bere senideek egindako ahaleginari esker, eskumena izango dute behin betiko etxea erosteko. Erosketa hori egiteko tartea izango dute urriaren 30era arte. Kaleratzeak Stop plataforma kontent agertu da erabakiarekin, eta Irungo Udalak egin duen bitartekaritza lana eskertu du.

Zortzi urte mehatxupean

Etxegabetzearen abiapuntua 2018an kokatzen da. Lorenak etxebizitza alokatu zuen orduan, baina aurreko jabeek Kutxabankek ezarritako etxegabetze agindua zuten hipoteka ez ordaintzeagatik. Urteotan, jabeek agindua ezkutuan mantendu dutela dio Kaleratzeak Stop plataformak, eta Lorenak ez duela gaiaren gaineko berririk izan.