Irungo Udalak bidegorriak konpondu eta asfaltatzeko lanak abiarazi ditu hiriko zenbait puntutan. Gorka Alvarez Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkariak eta Sergio Javier Mugikortasun Jasangarrikoa ordezkariak eman dute esku-hartzeen berri. Datozen bost hilabeteetan egingo dituzten hobekuntza lanak bidegorri-sarea aztertu eta herritarrek jakinarazitako gabeziak identifikatu ondoren erabaki dituzte.
Horrela, kontserbazio egoera kaskarra duten tarteak, zoladura hobetu edota bidegorri zatiak lotzeko helburuarekin bat eginez, Olagizon, Piketazaharra eta Dolores Salis kaleetan eskuhartze bana egingo dute.
Gorka Alvarez ordezkariak aditzera eman duenez, hiriko bidegorrien trazadurak hobetzeko berrikuspe eta balorazio lana egiten ari dira. «Bidegorrien egoera aztertzen dugu, eta kontuan izaten ditugu herritarren eskaerak eta hobetzeko proposamenak ere», argitu du, oraingo honetan lehentasuna hiriko hiru puntu zehatzetan eman dutela azpimarratuz, «bidegorriak luzatu eta elkar lotzeko, eta hondatuta zegoen zati bat konpontzeko lanak egingo ditugu orain».
Zehazki, Oinaurre parkea Arrabatenea kalean amaitzen den bidegorriarekin lotzeko lanak egingo dituzte. Piketazaharra kaleko 28. eta 30. atarietatik joango da bidegorria, Elizatxo hiribidearen paraleloan, parkeko sarrerara iritsi arte. Jarduketa honek 165 metro inguruko bide zati bati eragingo dio. Argitu dutenez, parkean oinezkoen eta txirrindularien artean arazorik ez egoteko, bizikletentzako aparkaleku bat ezarriko dute parkearen aldamenean.
Bestalde, Belaskoenea auzoan, bidegorria luzatuko dute, Olagizon kalea eta Auzolan kaleko bidegurutzea lotzeo. Elizatxo hiribidetik datorren bidegorriari segida ematea da jarduketa honen helburua, Belaskoenea eskolako sarreraraino iritsi dadin.
Sergio Javier ordezkariak Irungo Udalak mugikortasun jasangarri eta eraginkor baten aldeko apustua egiten jarraitzen duela azpimarratu du. «Aspaldi ekin genion bide honi, eta benetan sinesten dugu hiri-eredu honetan, eta horretarako ezinbestekoa da egungo bidegorriak luzatzea eta hondatuta dauden zatiak konpontzea», esan du.
Alde horretatik, hiriko bidegorri-sarea osatzeaz gain, dauden zati askok konponketa lanak behar dituzte. Eta datozen hilabeteetan, hain justu, Dolores Salis kaleko bidegorriko asfaltoa berrituko dute, Dunboako kanalaren paraleloan. Guztira 330 metro luzeko bidegorri zatia berrituko dute.