Artaleku eta Azken Portuko udazkeneko ikastaroetan izena emateko epea zabalik

Antxeta Irratia

Irungo kiroldegietako abonatuek gaurdanik izena eman dezaketen bitartean, abonatuak ez direnek irailaren 14tik aurrera egin dezakete. Ikastaro eskaintza zabala proposatzen dute bi kiroldegietan, igeriketa eta aquagym zerbitzuez gain,m fitness aretoetan aerobic+step, gimnasia, tonifikazioa, cycling, zumba, pilates, yoga edota bizkar osasuntsua izenekoa besteak beste.

Asteazken honetan zabaldu du Irungo Udalak Artaleku eta Azken Portu kiroldegietako ikastaroetan izena emateko epea. Urritik abendura bitartean, ikastaroen eskaintza zabala izango dute bi kiroldegietan, izan fitness aretoan, izan igerilekuan. Udalak argitu duenez, abonatuek lehentasuna izango dute, eta irailaren 9tik aurrera izena eman dezaketen bitartean, haur abonatuek ostegunean (irailak 10) eta abonatuak ez diren guztientzat irailaren 14an, astelehenean, irekiko dute epea. Urteko laugarren hiruhilekorako ikastaroetan izena emateko Irungo Udalaren webgunean bertan egin daiteke, edota NEO Irun aplikazioaren bitartez. Hala behar izanez gero, aurrez aurre ere egin daiteke kiroldegietako idazkaritzan.

Artaleku kiroldegiko ikastaro eskaintza, aerobic+step, abdominal hipopresiboa, gimnasia, tonifikazioa, cycling, zumba, pilates eta bizkar osasuntsua izango da fitness aretoari dagokionez. Eta Azken Portu kiroldegian, aurrekoez gain, power pump, hipokontrologia, yoga eta circuit training ikastaroak ere eskaintzen dituzte. Bestalde, igerilekuetan haurrentzako maila ezberdinetako ikastaroak proposatzen dituzte, urtero bezala. baita helduentzako ere. Eta aurten ere kirol egokiturako eskaintza zabala proposatzen dute, igeriketa egokitua eta aquagym ikastaroak barne. Kasu honetan, prozedura berezia beteko dute, eta astean zehar egin dezakete izen ematea. 

Udalak argitu duenez, aste honetan zehar izena eman dutenek jardueren eta ordutegien proposamena azaltzen duen posta elektronikoa jasoko dute, eta haien beharretara hobekien egokitzen diren aukerak adierazteko aukera izango dute. Heldu den astean, eskaera guztiak jaso eta aztertu ondoren, pertsona bakoitzaren kirol balorazioa egingo dute, eta egokienak diren jarduerak eta formatuak aztertuko dituzte. Hilaren 21eko astean zehar, parte hartzaile bakoitzari jardueraren eguna eta ordutegia jakinaraziko zaio.