Mugikortasunaren Europako Astea dela ezta, urtero bezala, Txingudiko Zerbitzuek bizikletak salerosteko bigarren eskuko azoka antolatu du irailaren 20an, Irungo Zabaltza plazan. Azken urteetan bezala, patinete elektrikoak ere erosi eta saltzeko aukera emango dute. Berea saldu nahi duenak aldez aurretik eman beharko du izena, Txingudiko Zerbitzuak horretarako bere webgunean sortu duen atalean hemen sakatuz.
Parte hartzea doakoa izango da, eta iragarri dutenez aurten 120 plaza eskainiko dituzte. Salgai jartzen den material guztia erabilia izan beharko du, bigarren eskukoa alegia, eta egoera onean egon. Bestalde, bizikleta edo patinete elektriko bakoitzaren gehieneko salmenta prezioa 600 eurokoa izango da.
Izena emateko prozesuan, saltzaileek fitxa bana bete beharko dute salgai jarri nahi duten bizikleta edo patinete elektriko bakoitzeko. Horrez gain, hitzordua aukeratu beharko dute materiala merkatuaren goizean erregistratzeko. Materiala irailaren 20an, igandean, entregatuko da, 08:30etik 10:00etara, Merka2dasoaren informazio gunean. Pertsona bakoitzak hitzordu bakarra erreserbatu beharko du, izena emandako bizikleta edo patinete elektrikoen kopurua edozein dela ere. Izena emateko epea zabalik egongo da erabilgarri dauden 120 plazak bete arte edo, beranduenez, irailaren 16ra arte, asteazkena.
Azoka arrakastatsua
Irungo Udalak eta Txingudiko Zerbitzuek antolatutako Merka2dasoa azoka urtez urte erreferentziazko ekimena bilakatu dela nabarmendu dute antolatzaileek. Kontsumo arduratsua eta ekonomia zirkularra sustatzeko helburua izanik, 2014az geroztik antolatzen duten bigarren eskuko azokak hiri-hondakinen prebentziorako eraginkorra dela egiaztatu dute, ohiko azokari esker, urtean 1.000 kilo hondakin baino gehiago saihesten dituztelako Irunen eta Hondarribian antolatutakoekin. Erabiltzen ez ditugun gauzei bigarren bizitza bat eman eta trastelekua hustearekin batera, dirua berreskuratzeko erreferentziazko merkatua bilakatu da Bidasoaldean.
Bigarren eskuko azoka ondo errotu da bidasotarren artean. Eta ohiko produktuez harago, Txinzerrek mugikortasunari lotutako beste bi azoka antolatu ohi ditu urtero. Bata Mugikortasunaren Astean, eta bizikletak salerosteko beste bat Ficoban, Bioterra azokan.