Stadium Galen mendeurrena ospatzeko harmailak bete nahi ditu Real Unionek

Antxeta Irratia

Txuribeltzek larunbata honetan ospatuko dute Stadium Gal zelaiaren mendeurrena. 1926ko irailaren 19an estreinatu zuten Bartzelonaren aurkako partida batekin, eta bihar Mirandesen aurka 18:45ean jokatuko duten norgehiagokaren ohorezko sakea Echeandia Gal familiak jaurtiko du. Izan ere, Salvador Echeandia Galek lagatutako lurretan eta ordaindutako 313.171 pezetako lanei esker eraiki zen futbolaren eta memoria historikoaren sinbolo bilakatu den estadioa. 1937tik 1942ra bitartean frankismoak kontzentrazio-esparru gisa ere erabili baitzuen.

Real Unionek partida berezia jokatuko du larunbata honetan Mirandesen aurka 18:45ean. Ligako arerio handienetako baten kontrakoa izango da, baina ez du horrek berezi bilakatzen. Stadium Gal, txuribeltzen etxeak 100 urte betetzen dituelako baizik. Igor Emery klubeko presidenteak gogoratu duenez, 1997an guztiz eraberritu zen estadioa, baina aldaketa nabarmenak bizi izan ditu mende luze honetan zehar, eta «memoria balio handia ere» baduela azpimarratu du.

Izan ere, 1936ko estatu kolpe faxistaren ondoren, frankismoak kontzentrazio-esparru gisa erabili zuen 1937-1942 urtaldian. Bertatik milaka errepublikar pasa ziren, bereziki, 1939ko abuztuan Espainiara itzuli ziren erbesteratuen kopuruak gora egin zuenean, Burgosko gobernuak Frantzian errefuxiatutako espainiarrak aberriratzeko egindako deiekin bat etorriz erabili baitzuten iritsitakoak sailkatzeko.

Amutetik Galera

Real Unionen historiak sustrai sakonagoak dituen arren, Stadium Gal «Irungo, Bidasoaldeko, Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako futbolaren leku sinbolikoa» dela nabarmendu du Emeryk. Txuribeltzek Hondarribiko Amuteko Capuchinosen zegoen futbol zelaian hasi baitzuen bere ibilbidea 1910. urtean Racing Club de Irun izenpean. Eta 1915. urtean Irun Sporting Club taldearekin elkartu ondoren hasi zen Real Union gisa bere partidak jokatzen oraindik ere Amuteko zelaian.

Amuteko futbol zelaian jokatzen zutenekoa. 

Irungo Stadium Gal, aldiz, 1926ko irailaren 19an inauguratu zuten Bartzelonaren kontrako partida batean. Salvador Echeandia Gal irundarrak emandako lurretan eraiki ondoren. Irungo enpresari ospetsuak (Porcelanas Bidasoa eta Perfumería Gal saltokien sortzailea) lurrak lagatzeaz gain eraikuntza lanen kostua (313.171 pezeta) bere gain hartu zituen.

Ehun urte beranduago, larunbata honetan ospatuko dute urteurrena, eta Real Unionek Mirandesen aurka jokatuko duen partidaren ohorezko sakea Echeandia Gal familiak jaurtiko duela iragarri du klubak. Eta partidaren atarikoa girotzeko, 16:30etan erdigunetik zelaiara martxa musikatua antolatu dute. Era berean, estadioaren historiaz gehiago jakin nahi duenak, aukera paregabea izango du gaur, irailak 18, Carlos Fernandez de Casadevantek Oiasso museoan (19:00etan) emango duen hitzaldian. 

Igor Emeryk argitu du, hala ere, mendeurrena urte osoan zehar ospatuko dutela. Izan ere, klubak eskatuta Gipuzkoako Futbol Federazioaren urteko ekitaldia Ficoban eta Stadiuml Galen ospatu zuten joan den denboraldi bukaeran. Uda honetan Reala eta Bilboko Athleticen arteko Emakumezkoen Euskal Txapela Stadium Galen jokatu zen, eta urtean zehar hainbat jardunaldi eta ekimen antolatuko dituzte mendeurrenaren baitan.