Aurrekontu Parte-hartzaileetan jasotako 226 proposamenetatik 13 finalista hautatuko dituzte irailaren 28an eta 29an

Antxeta Irratia

Palmera Montero guneko aurrez-aurreko bileran onartutako hiru proposamenez gain, udal webgunearen bidez jasotako 226 proiektuen artean (193 prozesu orokorretik eta 33 gazte prozesutik), azken fasera pasako diren 13 aukeratuko dute irundarrek irailaren 28an eta 29an online egingo den aurre-bozketan. Irun Txartelarekin identifikatzea beharrezkoa izango da, eta pertsona bakoitzak gehienez ere 5 proposamen aukeratu ahal izango ditu.

2027ko udal aurrekontuetan txertatuko dituzte Udal aurrekontu Parte-hartzaileen 20 proposamen finalisten artean bozkatzeko fasea urriaren 2tik 6ra egingo da. Internet bidez bozkatu ahal izango da, baina HAZ bulegoan eta adinekoentzako zentroetan bozkatzen laguntzeko espazioak ere egokituko ditu Irungo Udalak. Baina azken fase horretara pasako diren proposamenak hautatzeko aurre-bozketa antolatu du irailaren 28an eta 29an. Irundarrek Internet bidez egindako 228 ekarpenen artean 13 pasako dira fase finalera. 

Udalak argitu duenez, Internet bidez jasotako proposamenetatik 193 prozesu orokorraren baitakoak dira, hau da, 18 urtetik gorakoentzat zuzendutako 1,3 milioi euroko aurrekontuarekin garatzeko. Eta beste 33 proposamen gazteen (16-30 urte artekoak) prozesuari dagozkio. 

Hala, online aurkeztutako eta teknikoki baliozkotutako proposamen guztiak aurre-bozketatik pasako dira irailaren 28an eta 29an, eta balorazio onena jaso duten 13 online proposamenak azken bozketara pasatuko dira. Beharrezkoa izango da Irun Txartelarekin identifikatzea, eta pertsona bakoitzak gehienez 5 proposamen aukeratu ahal izango ditu.

Bileran erabakitako hiru proiektuak

Finalista horien artean, dagoeneko hiru proposamen zehaztu zituzten Palmera Montero gunean irailaren 10ean egindako bilera presentzialean. Jon Ugarte Gobernu Irekia eta Herritarrentzako Arretarako udal ordezkariak gogoetak eztabaida emankor bati bide eman ziola azpimarratu du. Lantaldeek 16 proposamen aurkeztu zituzten guztira. Eta proposamen horiek talde bakoitzeko bozeramaileek azaldu eta partaideek bozkatu ondoren, udaleko zerbitzu teknikoek bideragarriak direla baieztatu dutenez, azken bozketara pasatuko dira. Izan ere, interes orokorrekoak izateaz gain, proiektuek udalak prozesurako bideratzen duen 1,5 milioi euroko aurrekontua ez gainditzea, urtebetean egingarriak izatea, eta aurrerantzean udal aurrekontuetan gastu arrunta ez handitzeko baldintzak bete behar dituzte.

Aipatutako partaidetzazko bileran auzoetan emozioen kudeaketarekin lotutako jarduerak garatzeko, gazteentzako eta helduentzako banatutako guneak egokitzea onartu zuten batetik. Bestetik, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak kalean eror ez daitezen, hiriko espaloietan hobekuntzak egitea eta zuhaitzen sustraietatik sortzen diren altxamenduak saihesteko lanak proposatu zituzten. Eta azkenik, zakurren gorozkiak egiteko zakarrontzi gehiago instalatzea proposatu dute, kalea garbi mantentzeko erraztasun gehiago emanez.

Jon Ugarte zinegotziak gogoratu duenez, hiriko zenbait eragileen eskutik 20 proposamen finalisten zerrenda osatuko duten beste lau ekarpen pasako dira azken bozketara. Zehazki, hiru Auzo Elkarteen Federazioaren eskutik, eta beste bat Herritarren Foroaren eskutik. Era berean, gazte prozesuan online proposamenak soilik jasoko badira ere, beste zortzi proposamen gehituko dituzte 2030eko Eskola Agendatik, Gazteria Zerbitzutik eta Irun Bixi Forotik eratorriak.

Iazko proiektu bozkatuenak

Joan den urtean 2.405 irundarrek bozkatu zuten 2026ko Udal Aurrekontu Parte-hartzaileetako proposamen finalisten botoen fasean. Horietatik 1.011 bozka segurtasuna hobetzeko zaintza-kamerak instalatzearen alde egin zuten, eta larrialdi-zerbitzuetarako materiala zein Udaltzaingoak herritarren segurtasuna kontrolatzeko baliabide gehiago izan ziren ere bozkatuenen artean.

Irungo Udalak argitu duenez, proiektu horien garapena eta exekuzio prozesua udalaren webgunean kontsulta daiteke. Urtebetean egiteko proiektuak izanagatik ere, zenbait kasuetan prozedura administratiboek behartuta gehiago luzatzen direla aitortu du Ugartek.