Gipuzkoako artistek Menchu Galek irekitako bideak jarrai ditzaten 25.000 euroko beka berria

Koldo Nausia

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko artisten sormen-askatasuna eskaintzeko helburu duen 25.000 euroko beka berria aurkeztu du Irungo Gordailuan. Menchu Gal (Irun, 1919-2008) aukeratu dute beka izendatzeko, margolari irundarrak irudikatu zituen «abangoardia, talentua, inkonformismoa eta sortzeko gogoaren baloreak» aintzat hartuta. Bekak urtebetez arte-sorkuntzako proiektu original bat garatzeko aukera emango du, eta diziplina anitzeko proiektuak aurkeztu daitezke: margolariak, marrazkilariak, eskultoreak, zeramikariak nahiz grabatzaileak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Menchu Gal beka berria aurkeztu du gaur Gordailuan, Irunen. Gaurtik bertatik aurkeztu daitezke proiektuak, eta Gipuzkoan bizi diren artistei zuzenduta badago ere, arte plastikoetan eskarmentua dutela egiaztatu beharko dute proiektuarekin batera. Gainera, adinaren araberako puntuazioa kontuan hartuko dutela iragarri du aldundiak, artista gazteen aldeko diskriminazio positiboa eginez. Izan ere, beka berri honen helburua arte-sorkuntza bultzatzea da, eta arte plastikoen esparruan proiektu berriak garatzen laguntzea.

Gordailuan kontserbatutako Menchu Galen zenbait margolanen alboan aurkeztu dute beka, eta bertan izan dira Kulturako foru diputatu Goizane Alvarez eta Irungo alkate Cristina Laborda, Menchu Gal Fundazioko kide Edorta Kortadirekin batera. Honek azpimarratu duenez, Menchu Gal bera kontent egongo zen bekarekin, izan ere, «garrantzitsua da bilatzen den kalitateagatik ez ezik, laguntza ekonomikoagatik, hilabetero 2.000 euro eskuratu ahal izatea artista gazteentzat goxoki bat delako». 

Alde horretatik, Goizane Alvarezek gogoratu duenez, beka berriak suposatzen duen 25.000 euroko sari honek «urtebeteko sormen-askatasuna» eskainiko dio bekadunari. Aldi berean, Menchu Gal omendu nahi izan dute. Alvarezek nabarmendu duenez, «haren legatua orainarekin eta etorkizunarekin solasean jarri nahi dugu, harrotasun handiz esan dezakegu Menchu Galek bide berriak urratu zituela artearen munduan, non emakumeek denbora luzeegian ukatu zitzaizkien espazioak konkistatu behar izan zituen». Hartara, haren izenak oraingoan ere, «artearen bidez kontatzeko zerbait propioa dutenei ate berriak irekitzeko denbora, baliabideak eta askatasuna eskaintzeko balio izatea» espero du foru diputatuak.
 
Era berean, Cristina Laborda Irungo alkatea eskertua azaldu da Gipuzkoako Foru Aldundiak beka izendapenerako Menchu Galekin gogoratu izanagatik. Irungo Udalak duen pinakoteka bildumaren parte bat margolari honen lanek osatzen dute, eta alkateak beka honek suposatzen duen errekonozimendua azpimarratu du. «Irungo historian izan dugun margolaririk garrantzitsuenetakoa da, eta horregatik jaso zuen Hiriko Urrezko Domina, baina arte sorkuntzaz harago, bideak ireki zituen, eta ireki zizkion emakume artista askori, abangoardiako emakumea izan zelako, inkonformista bat», esan du alkateak. Gogoan hartu behar da, Menchu Gal Pinturaren Sari Nazionala jaso zuen lehen emakumea bihurtu zela 1959an, eta Labordak dioenez, «moldeak apurtu zituen arren ez zen Gaur taldeko partaide izan emakumezkoa zelako».
 
Bekaren deialdia irailaren 23 honetan ireki dute, eta proposamenak hurrengo 20 egunetan aurkeztu ahal izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez. Baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Erregistro Zentralean ere, Donostiako Gipuzkoa plazan. Argitu dutenez, hautatutako proiektuak urtebeteko iraupena izango du, beka ematen denetik, eta obra 2027ko abenduaren 1a baino lehen amaitu beharko da.