Euskarari bide emateko Mintzalaguna programa indartu nahi dute Irunen

Koldo Nausia

Iaz 116 lagunek hartu zuten parte ekimenean, eta urritik ekainera arte euskaraz hitz egin nahi duten irundar guztiak animatzen dituzte talde batean izena ematera. Astean ordubeteko konpromisoa besterik ez du eskatzen, eta inguru sozial euskalduna ez duten herritarrei (Bidelariak) mesede egiteaz gain, lagun berriak egiteko aukera paregabea dela diote partaideek. Taupa elkarteak antolatuta, mendi taldea ere osatuko dute aurten, eta ekintza edo txango osagarriak egingo dituzte partaideen zaletasunaren arabera. Urte osoan zehar irekita mantenduko dute izena emateko aukera www.irun.org eta euskaltegietan.
 

2024-2025 ikasturtean etenaldi bat egin ondoren, Mintzalaguna programa biziberritu zuten iaz Irunen. Aurreko edizioan 25 kide besterik ez ziren bitartean, joan den urtean 21 talde osatu zituzten, eta guztira 116 lagunek hartu zuten parte (horietatik 18 bidelagun). Gainera 100 bat berriak izan zirela nabarmendu du Josu Iguiñizek, Euskara arloko zinegotziak. «Oso anitza izan zen, atzerritik edo beste erkidegoetatik etorritako irundarrek ere parte hartu zutelako, baina gehien poztu gintuen profila gazteak izan ziren, askok parte hartu zutelako», esan du. 
 
Eta ikasturte honetan urrats bat gehiago egin nahi dute. "Emaidazu berriro ongi etorria, mintzatzera nator eta" lelopean, Irungo Udaleko Euskara ordezkaria ez ezik, Udal Euskaltegiko, AEK euskaltegiko eta Herri Jakintza euskaltegiko ordezkariek ere bat egin dute aurkezpen ekitaldian. Eta aurten gainera, Irungo Hizkuntz Eskolak ere parte hartzen du ekimenean.
 
Beñat Egües, Udaleko Euskara teknikariak argitu duenez, Mintzalaguna euskararen erabilera sustatzeko ekimena izanagatik ere, «euskaraz hitz egin nahi duten guztiei zuzenduta dago, eremu eroso batean mintzatu eta jarioa hobetzeko helburuarekin». Alde horretatik, 18 urtetik gorakoa izan eta euskaraz komunikatzeko gai izatea besterik ez da behar, urritik aurrera gutxienez astean behin ordubetez elkartuko diren mintzalagun taldeetan parte hartzeko.
 
Modu erraz eta atseginean, inguru sozial euskalduna ez duten herritarrei (ohitura ez duten Bidelariak) egiten die batez ere mesede Mintzalaguna bezalako programa batek. Baina Irun euskaldunago bat nahi duten herritarrak ere beharrezkoak dira taldeak dinamizatzeko. Taupak antolatutako ekimena da, eta bertako kide Mertxe Gerrikok azaldu duenez, «jende berria ezagutzeko helburua ere bada, eta Mintzalagun talde horretatik kanpo ere euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea eta beldurra galtzea». Zentzu horretan, osatu ohi diren talde batzuk udako bi hilabeteko etenaldian elkartzen jarraitu ohi dutela argitu du. Eta partaide diren bidelagunek azpimarratu dute «lagun talde berriak» sortzen direla ekimenetik eratorriak. 
 
Esan bezala, urrian hasiko dira taldeak elkartzen, printzipioz astelehenetik ostiralera eta partaideen ordutegien eta zaletasunen araberako taldeak osatuko dituzte. Eta ekainera arte 40 saio egitea aurreikusten dute. Iaz CBAn eta Irun Factory elkargune gisa erabiltzeko aukera eman zuten bitartean, udala hauek eta beste espazio batzuk erreserbatzeko lanean ari dela esan du Iosu Iguiñizek. Dagoeneko www.irun.org webgunean dagoen Mintzalaguna atarian izena eman daiteke, baita Euskara Zerbitzuan eta euskaltegietan galdetuta ere. Era berean, 688 865 398 Baina Beñat Egüesek azaldu du, ekaina bitartean programan parte-hartzeko aukera irekita mantenduko dutela.
 
Baina asteroko talde dinamikaz haratago, Mintzalaguna ekimenaren barruan urtero ekintza osagarriak antolatzen dituztela gogoratu du Mertxe Gerrikok. Mendi irteerak, txango kulturalak, bisita gidatuak, mintzodromoak eta bestelako topaketak izan daitezke, Irunen bertan zein Euskal Herri osoko Mintzalaguna ekimeneko kideekin ere. Aurten mendi taldea edota Irakurketa erraza tailerra antolatu nahi dute. Izan ere, «hizkuntza gure zaletasunei lotzen dugunean gusturago parte hartzen dugu halakoetan eta ohitura hartzea errazagoa da», dio Taupako kideak. Gaineratu duenez, ekintza osagarri hauek asteroko konpromisoa hartu ezin dezaketen herritarrei ere irekita daude.