Irungo Udalak, bere Bozeramaileen Batzordearen bidez, erabat gaitzetsi du gaur Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko (HAZ-SAC) langile batek bere lantokian jasandako erasoa. Aditzera eman dutenez, erabiltzaile baten erasoak lesioak eragin dizkio langileari, eta laguntza medikoa behar izan du. Udalak plazaratu duen oharrean babesa helarazi nahi izan dio langileari, eta lehenbailehen berreskuratzea opa dio.
Udal ordezkarientzat "onartezina da herritarren zerbitzura lan egiten duten udal-langileen aurkako edozein indarkeria-ekintza", eta udal-langile guztien segurtasunarekiko eta babesarekiko konpromisoa berretsi du.
Era berean, Irungo Udalak errespeturako eta bizikidetzarako deia egiten du, funtsezko balioak baitira herritarren eta zerbitzu publikoen arteko harreman egokia bermatzeko.