Eider Bengoetxea: «Ezohiko uda bero eta lehorrak erabat baldintzatu du aurtengo sagar uzta»

Antxeta Irratia

Uda bero eta lehor baten ondotik, sagar uzta hilabete aurreratzeaz gain, fruitu txikia eta kopuruetan urria jasotzen hasi da Irungo Ola sagardotegia bere sagastietatik. Iaz ez-urtea izan ondoren, aurten uzta emankorragoa espero zuten, baina eguraldiak baldintzatu du aurtengo uzta. Igandean, irailak 27, Sagar Eguna ospatuko dute 11:30ean hasita, sagar zukua dastatuz eta jai giroan. Eta Koldo Ortega historialari hondarribiarrak plazaratu berri duen "Sagardoaren Kultura Bidasoan" liburua aurkezteko aprobetxatuko dute.

Udazkena ezohiko beroarekin hasiko dugun bezala, udaberri eta uda bero eta lehorra izan dugu ere. Ekainean beroaldiengatik alerta gorriak pairatu genituen, eta uztailean bi egun baizik ez zuen euria egin. 1980tik uztailarik lehorrena izan zen erregistroen arabera. Eta horrek gure egunerokoan ez ezik, nekazaritzan eragin zuzena izan du. Nekazarien elkarteen arabera, barazki uzta %40 bat txikiagoa izan da. Eta sagardotegien sagar uztan ere sumatu dute.

Gaur egun 250 sagargile, 500 hektarea eta 47 sagardotegi biltzen dituen Jatorri Deiturako sormarkako sagardotegi bakarra dugu Bidasoaldean. Irungo Meaka auzoan, Arantzateko XII. mendeko burdinolan aurkitzen dugu Euskal Sagardoaren Katalogoan dagoen sagardotegi bakarra. Ola sagardotegia.

Iaz ez-urtea izan ondoren, aurten sagastien produkzioa handiagoa espero zuten. Baina eskasa izan da, eta hilabete aurreratu zaie. Eider Bengoetxea, Ola sagardotegiko nagusiak azaldu digunez, «normalean iraila bukaeran edo urrian jasotzen dugu uzta, baina aurten iraila hasierarako sagarrak heldutuak zeuden». Hala ere, sagar txikiak eta kopuruetan ere urria jasotzen ari direnez, «azkar amaituko ditugu lanak», aitortu du. 

Alde horretatik, udako beroak batetik, eta bereziki euri eskasak ez dio sagarrari behar duen tamaina lortzea utzi, baina azukrea kontzentratuagoa duela nabarmentzen du. «Ikusiko dugu zer nolako sagardoa lortzen dugun aurten, baina azukre gehiago duenez, printzipioz alkohola gehiago ere izango du», iragartzen du.  

Sagar Eguna igandean

Hala ere, irailaren 27an, igandean, 24. Sagar Eguna ospatuko dute berdin Ola sagardotegian. Tradizio bilakatu dute mende laurden honetan, eta bertako sagarra balioan jarri eta sagardotegiko lanak gizarteratzeko aprobetxatzen dute. Goizeko 11:30ean hasiko da festa, aurtengo pitarra edo sagar zukua dastatzeko aukera emango dute, eta bildutako sagar espezie ezberdinen erakusketarekin batera, haur jolasak eta txistorra sagardoarekin dastatzeko aukera izango da ere. «Urtero Irungo eta Hondarribiko familia asko hurbiltzen da, eta garrantzitsua da naturarekin eta sagardoaren prozesuarekin harremanetan jartzen dituelako, sagar denbora orain dela erakusten diegu», kontatzen du. 

Hala ere, aurtengoan sorpresa bat ere badago. Sagar Eguna borobiltzeko, Koldo Ortega historialari hondarribiarrak ikertu eta plazaratu berri duen "Sagardoaren Kultura Bidasoan" liburua aurkeztuko baitute bertan. Igandeko aurkezpenaren aurretik ere, izango da liburuaz interesatzeko aukera. Hondarribiko Arma Plaza Fundazioaren eskutik, bihar (ostirala, irailak 25) 19:00etan Hondarribiko udal areto nagusian liburu aurkezpena egingo baitute. Eta iragarri dutenez, ekitaldia amaitutakoan, 19:45etan, OLA sagardotegiak berak sagardo dastaketa eskainiko du udaletxeko arkupeetan.