Atzo Bilboko Euskalduna jauregian aurkeztu ondotik, gaur eta bihar Irungo Ficoba erakustazokan ospatzen ari dira hizkuntza gutxituen Bihar Nazioarteko Kongresua. "Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua" da kongresuaren leloa, eta Garabidek, Soziolinguistika Klusterrak, Taupak eta Plazarak lankidetzan antolatuta, prozesu luze baten hirugarren fasea dela nabarmendu dute. Laugarrena kongresuan ikusi eta ikasitakoarekin ateratako ondorioak eta bide-orria gizarteratzea izango da, euskararen geroan herritarrak aktibatzeko. Irati Iciar, Taupako presidenteak argitu digunez, «euskara eta gure kultura ez delako euskal hiztunen auzia bakarrik, gizarte osoarena baizik, konpromiso eta intentsitate ezberdinetan agian, baina denok dugu euskararen alde zerbait emateko aukera».
Prozesua duela bi urte hasi zuten, nazioarteko diagnostiko bat landuz. Gaurko kongresuaren hitzaldietan aurkeztu dituzte hainbat ondorio, hain justu, Soziolingustika Klusterreko Belen Urangak "Hizkuntzak biziberritzeko egungo diskurtsoak" hitzaldian, eta Taupa mugimenduko Onintza Olaizolak euskararen geroa bermatzeko "Euskal Herriaren ikuspegia: gizarte mugimenduetatik zenbait ekarpen" hitzaldian ere, konplizitateak bilatu eta herrigintzatik euskara biziberritzeko beharraz jardun dute.
Baina kongresu honen helburua, «oinarrian gure zilborrari begiratu, eta euskararen biziberritzeaz egin izan dugun diskurtso egituratua berrikustea» izan bada ere, Irati Iciarren ustez, «munduan dauden milaka hizkuntza eta kultura gutxituen esperientzietatik ikasteko» balio du. Izan ere, mundu zabaletik etorritako 45 solaskide baino gehiago elkartuko ditu kongresuak hiru egunotan, denak haien hizkuntza biziberritu edota biziraun dezan ahaleginetan ari diren hizkuntza komunitateetako ordezkariak. Nepaleko tamang hizkuntza, Ekuadorreko kichwa, Aotearoko maoria, Paraguaiko guarania, Yukatango (Mexiko) maia, Haitiko kreolera edota Marokoko Rifeko Amazigh komunitateak eta Hawaiko Harman komunitateak ere izan du bere egoera aurkezteko aukera.
Haiengandik uste baino gehiago ikas dezakegula uste du Xan Airek, Plazarako kideak. Izan ere, Ipar eta Hego Euskal Herrian euskarak lege babes ezberdinak baditu ere, beste hizkuntza eta kultura batzuekin alderatuta baliabide gehiago ditugu euskarak aurrera egin dezan. Baina partaideek ekonomia, kultura, komunitate indigena eta hauek lurrarekin zein ekologiarekin duten lotura ere garrantzitsua dela argitu dute. «Nik atxeman dut biziki errexki lotzen dituztela hizkuntza beste esparruekin», dio Xan Airek, «batzuk kezkatuak dira mendialdetik hirira masiboki bizitzera joateaz, erran digute ez baldin badugu guk ere tokian tokiko ekonomia bat sortzen, jendea hirira joaten jarraituko duela, eta gure komunitatea desegiten da hirian».
Hala ere, horri aurre egitea zaila den heinean, «hirietan bizi eta maoria edo kichwa izaten jarraitzeko manera bilatu behar da», gogoratzen du, hizkuntza gutxituek nekez egin diezaioketelako globalizazioari aurre. Irati Iciarrek ere, argi du teknologia berriek eta oro har gaztelania eta frantsesaren mendekotasunari aurre egitea zaila dela Euskal Herrian. Baina «herrialde eta kultura gutxiagotu asko dago munduan, eta bakoitzaren abiapuntua ezberdina bada ere, guztiengandik ikasi dezakegu, zer menderakuntzetan bizi garen eta haiek beraien biziberritzea espiritualitatetik edo naturarekin loturatik abiatzen dutela ikustean, gure buruari galdetzen ahal diogu, euskaldunok zer lotura dugu gure natura eta lurraldearekin?», dio Iciarrek hitzaldien ondoko gogoetan.
Alde horretatik, kongresuan bildutakoen artean, izan euskararen erabilera mailan, izan ofizialtasunaren esparruan ere, egoera hobeagoan eta okerragoan aurkitzen diren adibideak ugariak izan dira. Eta besteengandik ikasteaz gain, haiekin alderatzeko arriskua ere badago. «Goiz bakar batean hiruzpalau alditan entzun dut euskarari buruz, ez gaudela hain gaizki», aitortzen du Taupako ordezkariak, «baina errealitatea da hizkuntza gutxitua garela, zanpatua dagoela, baina biktimismoaren diskurtsoa gainditu eta ekintzara pasatzeko garaia dela».
Gaur eta bihar hitzaldiakm mahai-inguruak eta tailerrak egingo dituzte, eta arratsetan Hendaiako Borderline Fabrikan kontzertuak, ikusgarriak eta animazioak urririk propsatzen dituzte. Era berean, irailaren 26an, hizkuntza gutxituen aldeko altxatze kolektibo ibiltaria egingo dute. Ficobatik 10:30ean abiatuta Avenida oinezkoen zubira joango dira itxiera ekitaldia han egin eta manifestua irakurriko dute.