Gorka Alvarez (EAJ-PNV): «Beldurra ematen du eta arduratuta nago, "Irun garbiago bat lortzeko" martxaren lelo horrek zer esan nahi du?»

Antxeta Irratia

2025eko udaberriaz geroztik Irungo auzoetan gauez «segurtasuna bermatzeko» eta «delituak prebenitzeko» aitzakiapean dabiltzan Auzo Patruilen eskuin muturreko taldeei buruz, orain artean udal agintariek isilarena eman dute. Baina orain, Udaltzaingoaren ardura duen EAJ-PNVko bozeramailea kezkatua eta arduratua agertu da Antxeta Irratian aurreneko aldiz, talde hauek urriaren 2an deitu duten "Irun seguru eta garbiago bat lortzeko" martxarekin erabiltzen duten lengoaia arrazistarekin.

Irun harrera herria dela aldarrikatu eta «Auzo Patruilak bezalako talde arrazistei kalean aurre egitea premiazkoa» dela aldarrikatu dute hainbat eragilek eta kolektibo antifaxistek. Eta Irunen «arrazismoa eta faxismoa ongietorria ez dela erakusteko», Auzo Patruilen taldeek urriaren 2an (18:00tan) deitu duten "Irun seguru eta garbiago bat lortzeko" martxari aurre egingo diote. Alberto Anguera plazatik abiatzekoa da martxa San Juan plazarako bidean, eta horri buru egiteko deialdia luzatu dute 17:45ean San Miguel auzoko plaza berean. 

Irungo Udalak ez du aipatutako martxa arrazistari buruz adierazpen publikorik egin oraindik. Berez, Auzo Patruilen auziari buruz mantendu duten jarrera izan da hasieratik. Gogoan hartu behar da, Irungo auzoetan gauez «segurtasuna bermatzeko» eta «delituak prebenitzeko» aitzakiapean dabiltzan Auzo Patruilen taldeei buruz Antxeta Irratiak egindako ikerketa batean ohartarazi zitzaiela agintariei jada 2025eko udaberrian. Hala Irungo udal agintariei, nola Irungo udaltzainburu eta ertzainburuari galdetu zitzaien. Baina orduan agintari polizialek Auzo Patruilen kideek gauez kalean paseoak ematea ez zela delitua aditzera eman zuten.

Aste honetan, aldiz, Antxeta Irratiaren galderari erantzunez, Irungo EAJ-PNVko bozeramaile eta bigarren alkateorde Gorka Alvarez Aranburu kezkatuta agertu da urriaren 2ko martxarako deialdian erabili duten lengoaiarekin. «Beldurra ematen du eta arduratuta nago, izan ere, "Irun garbiago bat lortzeko" lelo horrek zer esan nahi du?», galdetzen du, «Irunen etorkinak egoteak ez du esan nahi gure kaleetan zikinkeria dagoenik, eta ikusten ari gara Espainian eta Europan zer nolako mezuak hedatzen ari diren zenbait alderdi politikok, hori nahi dugu ere gure hiriarentzat? Gauzak ez dira horrela konpontzen», dio EAJ-PNVko ordezkariak.

Era berean, segurtasun ezaren diskurtsoari buruz, jeltzalearen arabera «gauza bat da herritarren pertzepzioa eta beste bat datuak, eta Irun segurua da, bizi eta lan egin daitekeen hiria», dio Alvarezek, «baina herritarrak oso baldintzatuta gaude sare sozialetan zabaltzen diren mezuengatik, horregatik ezin gara kutsatzen utzi». Hala eta guztiz ere, bere ustez, «bihotz oneko irundar asko joango da mobilizaziora, martxa horren atzean dagoen guztiarekin bat egiten ez duena». Horregatik herritarrei eskatu die kontu handiz ibiltzeko, eta ondo pentsatu dezaten zer mezu eta zer deialdiri kasu egiten dieten.