Udal Aurrekontu Parte-hartzaileetako proiektu finalistak hautatzera deitu du Irungo Udalak gaur eta bihar

Antxeta Irratia

Irailaren 28an eta 29an bozkatu daitezke norbere interesekoak dituen proposamenak, eta hautatuak izango diren 20 proiektu finalisten artean azken bozka Internet bidez egingo da ere, urriaren 2tik 6ra bitartean. Irailaren 11tik 15era irundarrek online egindako proposamenak teknikoen galbaetik pasatu eta egingarriak diren 65 bat zerrendatu dituzte. Irailaren 29ko 23:59ak arte gehienez ere 5 proiektu bozkatu ditzakete irundarrek.

Irungo Udalak antolatutako 2027ko Udal Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesua une erabakigarrian sartzera doa. Urriaren 2tik 6ra bitartean 20 proiektu finalisten artean Internet bidez bozkatzera deituko du udalak. Baina aurretik, proposamen finalistak aukeratu behar dira. Horretarako, irailaren 28 eta 29 honetan Irunen erroldatutako 16 urtetik gorakoek gehienez ere 5 proposamen bozka ditzakete Irungo Udalaren administrazio elektronikoaren bitartez. 

Aurre-bozketa fase honetara 65 bat proiektu sailkatu dira, behin Irungo Udaleko teknikariek betebeharreko baldintzak betetzen dituztela frogatuta. Hau da, udalak aurrekontu parte-hartzaileetarako bideratuko duen diru partidarekin gauzatu daitekeela (1,5 milio euro), urtebeteko epean egingarria eta interes orokorrekoa izatea, eta proiektuak aurrerantzean udalaren gastu arruntean eragin edo gastu gehigarririk ez suposatzea. 

Gogoan hartu behar da, 20 proiektu finalisten artean, dagoeneko zazpi onartu dituztela finalista gisa. Horietariko hiru Palmera Monteron irailaren 9an egindao aurrez aurreko bileran erabakitakoak, eta gainerakoak Hiritar Foroak, auzo elkarteek eta gazteen foroak proposatutakoak. Gainerakoak irailaren 11tik 15era bitartean irundarrek Interne bidez egindako ekarpenak izan dira.