Irungo Udalak eta Hezten enpresak 'Haurrak Parkean' egitasmoaren baitan, urriko asteazkenetan eta ostiraletan, adinaren araberako jolas-dinamikak proposatuko dituzte hiriko hainbat parketan. Hilaren 7tik 30era, haurren euskararen erabileran eragiteko helburuarekin adinaren arabera egokitutako dinamika ezberdinak antolatuko dituzte. Horrela, asteazkenetan (urriaren 7, 14, 21 eta 28an) Nagore Laffage eta Oinaurreko parkeetan egingo dituzte. Eta ostiraletan (urriaren 9, 16, 23 eta 30ean), Partxis parkean (Olaketa kalea) eta Sargia parkean. Euria egingo balu, aldiz, jarduerak gune estalietara eramango lituzkete, Nagore Laffagekoak Toki Alai HHko patio estalira; Oinaurrekoak eta Partxisekoak, parke bakoitzeko estalpera; eta Sargiakoak, Irungo Udaletxeko arkupeetara.
Argitu dutenez, jarduera doakoa da eta ez da aurrez izena eman beharrik. Jolasak adinaren arabera antolatuko dira, taldetxoetan. 3 eta 5 urte bitarteko haurrak Zabu-Zibu taldeetan arituko dira, heldu batek lagunduta, 17:00etatik 18:00etara. 6 eta 9 urte bitartekoak, berriz, Txirrintxon taldeetan elkartuko dira, 18:00etatik 19:00etara.
Joan den udazken eta udaberrian antolatu zituzten saioetan parte hartzea nabarmena izan zela aditzera eman du Josu Iguiñiz Euskara zinegotziak. Izan ere, 900 haur baino gehiago hurbildu ziren saioetara. Erabiltzaileek gogotik hartzen dute ekimena. Izan ere, txanda bakoitza bukatutakoan galdetegi txiki bat ematen zaie gurasoei programari buruzko iritzia eman dezaten. Eta gurasoek oso modu positiboan baloratzen dute ekimena, eta euren auzoko saioan ez ezik, parkez parke errepikatzen duenik ere bada. Josu Iguiñizek, familiak parte hartzera animatu ditu, «ondo pasatzeaz gain, familiako hizkuntza-ohituretan aldaketak eragiteko egitasmoa» delako.