Irun ongizate integralaz hausnartzeko plaza izango da urriaren 7an eta 8an

Koldo Nausia

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen 'Ongizatearen Plaza' ibiltaria Irungo Zabaltza plazan instalatuko dute. Elikadura osasuntsua, bakardadea, gazteen ongizatea, heriotza eta dolu prozesuak, menopausia eta elikadura, edota migrazioa, harrera eta integrazioa landuko dituzte, goiz eta arratsaldez, aditu eta erakunde ezberdinekin antolatutako hitzaldi, tailer eta mahai-inguruetan.

Ongizatearen Plaza ekimena Irunera iritsiko da urriaren 7an eta 8an. Zabaltza Plazan kokatuko dute, goiz eta arratsaldez ekintza desberdinen bidez herritarren artean ongizateari buruz hausnarketa eta elkarrizketa eragiteko helburuarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez, gazteen ongizatea, bakardadea, elikadura osasuntsua, dolu prozesuak eta tabuak, migrazioa, harrera eta inklusioa, edota menopausia eta elikadura bezalako gaiak jorratuko dira, hitzaldi, tailer praktiko, mahai inguru eta solasaldien bidez. 

Eider Mendoza diputatu nagusiak "ongizate integrala Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasun nagusia” dela gogorarazi du. Horregatik, herriz herri antolatzen ari diren ekimen honekin, pertsona ororen ongizatea “plazaren erdigunera” ekarri nahi dute. “Ertz asko dituen errealitatea da, eta arazo pertsonal edo indibiduala badirudi ere, denoi eragiten digunez, ezinbestekoa da ikuspegi kolektibo eta komunitario batetik heltzea”, argitu du. Hori horrela, irundar guztiak gonbidatu ditu Ongizatearen Plazan parte hartzeko. 

Programa zabala

Asteazkenean Adinberriren eskutik abiatuko da Ongizatearen Plaza goizeko 10:00etan. Iñigo Vicens prestatzaile fisiokoak gidatutako kirol saio irekia egingo da aurrena, eta gero Raquel Rodriguezekin mindfulness terapia eta Naia Rosekin estimulazio kognitiboko tailerra. Jarraian, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko abian diren proiektuetako ordezkariak bilduko dira, hala nola Nagusilan, Bidasoa Zurekin, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa eta Gurutze Gorria. Haiekin batera izango da Itziar Sistiaga idazlea, “Laguntza Gutunak” proiektua garatu duena Irungo Udalarekin batera. Tarte hau 11:30 eta 13:00ak bitartean egingo da.

Arratsaldean, 17:00etatik 18:00tara, landaregintza tailerra egingo da Endanearen eskutik, etxe osasuntsuago eta atseginago bat sortzen laguntzen duten landareei buruzkoa. Era berean, landareek ongizatean, espazioen zaintzan eta eguneroko bizitzan egiten duten ekarpena ezagutuko da. Eguna amaitzeko, 18:00tatik 19:30era, heriotza, tabuak eta dolu prozesuak landuko dira mahai-inguru batean. Dolu prozesuak landuko dira, Bidasoa Zurekin elkarteko profesionalen eskutik, eta galera lehen pertsonan bizi izan dutenen testigantzak ere jasoko dira.

Ostegunean, hilak 8, 10:00etatik 11:30era, elikadura osasuntsua ardatz hartuko duen gosari tailerra egingo da, Elikaeneako Anne Otegiren eskutik, Mugarrieta Ganadutegiko Ion Areitioren laguntzarekin. Tokiko eta sasoiko produktuekin gosari osasuntsuak prestatuko dira, elikadura kontziente eta jasangarriaren inguruko azalpenekin batera.

Ondoren, gazteen ongizatea hartuko da mintzagai. Sare sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera eta suizidioaren hautua esaterako, hiperkonexioaren eraginak diren eztabaidatuko da. Gazteak izango dira euren ongizatean eragiten duten faktore desberdinak azaleratu eta eztabaidatuko dituztenak.

 

Irungo Ongizatearen Plazari amaiera emateko, 18:00etan hasita, Cristina Lajas dietista-nutrizionistak perimenopausian eta menopausian elikadurak betetzen duen papera azalduko du. Aldaketa hormonalek gorputzean eta eguneroko bizitzan dituzten eraginak ulertzen lagunduko du. Ondoren, 19:00-20:00 bitartean, migrazio-prozesua bizi izan duten pertsonek beren esperientzia partekatuko dute, Irunera iristeko bidea, lehen urratsak, zailtasunak, sorpresak eta herri berrian beren lekua aurkitzeko prozesua nolakoa izan den.

Bukatzeko, bi egunetan bizitako esperientziak partekatu eta komunitatea indartzeko amaiera irekia antolatu da, Txorimaloak Soinu Taldeak eta Elatzetako Kantu Lagunek girotuko dutelarik plaza.

Egitarau eta ordutegi osoa hemen:
https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/irun