Luis Mariano eta Irasoko adinekoentzako tabernak berriz martxan jarriko dituzte

Antxeta Irratia

Erabiltzaileek sei urtez aldarrikatu duten taberna eta jatetxe zerbitzuak emateko kontratua Indove Taldea S.L enpresari esleitu berri dio Irungo Udalak 515.518 euroren truke. Gizarte Zerbitzuen ardura duen EAJ-PNVk azpimarratu du «taberna baino gehiago, topagune eta sozializatzeko gune garrantzitsuak» direla, eta kontent azaldu dira jeltzaleak Udal Gobernura sartu zirenean hartutako konpromisoetako bat betetzea lortu dutelako. 

Irungo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Luis Mariano eta Irasoko adinekoen gizarte zentroetako taberna eta jatetxe zerbitzuak berriz martxan jartzeko kontratuaren esleipena onartu du. Erabiltzaileen aspaldiko aldarrikapena zela gogoratu du Irungo EAJ-PNV udal taldeak, 2019an kontratu zaharra iraungi ondoren sei urtez eskatu baitute erabiltzaileek, eta beraz, «urteak zeramatzan konpondu gabe». Jeltzaleek dute Gizarte Zerbitzuen arloa kudeatzen, eta Josu Iguiñiz eta Gorka Alvarez zinegotzi jeltzaleek azpimarratu dute Udal Gobernutik desblokeatzea lortu dutela.

Gorka Alvarezek, Irungo jeltzaleen bozeramaileak argitu duenez, «Udal Gobernuan sartu ginenean zerbitzu hauek berreskuratzeko konpromisoa hartu genuen. Bi urte baino gutxiago igaro dira, eta bete egin dugula esan dezakegu». Argitu duenez, adinekoen behar zehatz bati erantzun behar zitzaion, eta irtenbide bat emateko lan egin dute «entzun, kudeatu eta hitzetatik ekintzetara pasatuz».

Gogoratu behar da, Irungo Udalak zerbitzu hau 2025ean 413.336 euroko aurrekontuarekin lizitatu zuela, aurreko kontratua hutsik geratu ondoren. Kudeaketa errazteko eta erabiltzaileek sei urtez aldarrikatu duten jarduera berreskuratzeko baldintza berriak ezarri ziren, eta orain, Tokiko Gobernu Batzordeak kontratu berria onartu du 426.048 euroren truke (515.518,81 euro BEZa barne). Zerbitzua INDOVE TALDEA S.L. enpresak emango du bi zentroetan, eta Euskadiko Kontratazio Publikoko Mahaiaren bitartez negoziatu dute.

Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak zerbitzuak adineko pertsonentzat duen garrantzia nabarmendu du. «Ez gara taberna bat berreskuratzeaz soilik ari, topagune bat da, harremanetarako eta elkarbizitzarako espazio bat berreskuratzen ari gara», gogoratu du.