Bidasoaldeko osasun zerbitzuen gabeziak konpontzeko bizkortzen hasi da Eusko Jaurlaritza

Antxeta Irratia

Joan den uztailean Irungo Udalak Elizatxo kaleko 3. zenbakian lagatutako lokalak egokitzeko lanak hasi ondoren, orain Lehen Arreta hobetzea ahalbidetuko duen Oinaurreko osasun-zentro berria eraikitzeko lanak esleitu berri dituzte. 2027 hasieran hasiko dira eraikuntza lanak, 2030 urterako martxan egon dadin. Guztira 3.500 metro koadroko azalera izango du, 41 kontsulta, larrialdiak, odol-ateratzeak egiteko gunea eta optometria zerbitzuarekin. Argitu dutenez, Elitxu-Lapitze, Urdanibia Berri, Anaka eta Landetxa-Katea auzoko 25.000 bizilagunei zerbitzu emango die.

Joan den uztailean hasi zituzten Irungo Udalak Elizatxo kaleko 3. zenbakian lagatutako lokalak egokitzeko lanak. 580 metro koadro dauzka solairu bakarrean, eta Osakidetzak milioi euroko inbertsioa egingo du bertan, sei hilabeteko epean 12 pediatria kontsulta eskaintzeko asmoz. Baina Lehen Arreta zerbitzua hobetzeko helburuari lotuta, bidasotarrek hamarkada luze esperoan daramaten Oinaurreko udalaren eremuetan osasun-zentro berria eraikitzeko proiektua esleitu zuen atzo Osasun Sailak.

Bidasoko ESIko 2025-2035 Plan Zuzentzailearen barruan kokatuta, 11,2 milioi euroko inbertsioa egingo dute anbulatorio berria eraikitzeko. 2026 urte bukaera honetan Beldarrain estudioak proiektua osatuko du, eta 2027an eraikuntza lanak hasiko direla iragarri du Osakidetzak. Izan ere, 2030 urtean martxan egotea aurreikusten dute.

Oinaurreko osasun-zentro berria horrela irudikatu du Osasun Sailak.

Argitu dutenez, Lehen Arreta hobetzea ahalbidetuko du. Izan ere, Arrabatenea kalean Irungo Udalak lagatutako 7.200 metro koadroko azalera duen eremuan, 3.500 metro koadroko azalera duen eraikina egingo dute, Elitxu-Lapitze, Urdanibia Berri, Anaka eta Landetxa-Katea auzoko 25.000 biztanleei zerbitzu emateko. Orotara 27 kontsulta izango ditu familia medikuntzara zuzendutakoak, beste 10 kontsulta materno-infantil, lau kontsulta erabilanitz gehiago, eta era berean, larrialdiak, odol-frogak edo ateratzeak eta optometria zerbitzua ere.

Gogoan hartu behar da, bestalde, uztailean Elizatxo egokitzen hasi ziren lokalean, 12 pediatria kontsulta zabalduko dituztela behin-behinekoan bada ere. Berez, 2027ko urte hasierarako prest egon beharko lirateke Erdiguneko osasun-zentroa arintzeko, eta Oinaurrekoa martxan jarri artean zerbitzu emango du.

Alde horretatik, gogoratu behar da Irunen bi osasun-zentro besterik ez daudela gaur egun, 67.759 laguni zerbitzu emateko. 1954an eraikitako Erdiguneko (Hermanos Iturrino gisa ezaguna) osasun-etxearen kasuan Hondarribiko larrialdiak, plakak eta beste zenbait froga ere artatzen dituzte. Eta Osakidetzako EAEko paziente gehien dituen zentroa dela. Dunboako Osasun Zentroa, aldiz, 1994an eraikitakoa da, eta 30.000 lagunentzat da erreferentziazkoa.