Irungo Udalak gazte-nerabeen ludopatia arazoak prebenitzeko, eta bereziki kirol apustuen eta bestelako adikzioen prebentzio programaren barruan, Scape Room ibiltari baten kanpaina antolatu du aste honetan. Irungo Udaleko Adikzioen Kontrako Planak droga eta alkoholaren kontsumoak landu izan ditu historikoki, baina 12-18 urte bitartekoekin egindako inkestetan, hezkuntza zentroetan eta Udaltzaingoa zein Ertzaintzarekin bildutako datuen ondotik, 2017tik aurrera lantzen hasi ziren kirol apostuen arazoa ere. IV. Adikzioen Planean txertatzen hasi ziren honakoa, baita internet bidezko jokoen prebentzioa ere.
Halakoak prebenitzeko, urriaren 15etik 17ra bitartean 45 minutuko ihes-joko bat proposatzen dute San Juan plazan instalatuko duten gune ibiltari batean. Adikzioen prebentzioa eta alarma seinaleak detektatzeko helburua duen ekimena da honakoa. 14 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago, eta 5 lagunentzako taldeetan egingo dituzte saioak, urriaren 15ean 16:15etik 21:30era, urriaren 16an 16:15etik 22:15era, eta larunbatean, urriak 17, goizez 11:30etik 14:30era, eta arratsaldeko 17:00etatik 22:15era.
Parte-hartzaileek aldez aurretik izena eman beharko dute www.irun.eus atarian.