Irungo 17 auzoen itzulia amaitu du Cristina Laborda alkateak

Antxeta Irratia

2024ko maiatzaren 2an Behobia auzoan berrekin zion Cristina Labordak 'Alkatea Auzoetan' ekimenari, eta bi urte eta erdiotan hiriko 17 auzoen itzulia osatu du. Auzora bisita egin, bizilagunekin eguneroko arazoez mintzatu eta auzo elkarteetan egindako bilera irekietan jasotako 520 eskaeretatik, Irungo Udalak 494tan konpromisoak hartu dituela aditzera eman du, eta horien artean, 135 gauzatu egin badira, beste 253 martxan daude dagoeneko.

«Entzuketa aktiboa» udalgintzaren oinarria behar duela izan sinetsita 'Alkatea Auzoetan' programari ekin zion Irungo Udalak duela hamabost bat urte. Izan ere, garai hartan Jose Antonio Santano alkate zela, 2011ko abenduan egin zen aurreneko bilera Larreaundi auzo elkartean. Azken itzuli honekin, 67 izan dira Irungo alkatetzatik auzoetan egindako bisitak. Eta Cristina Labordak agintaldi honetan «hiri osoko bizilagunen kezkak, premiak eta proposamenak entzuteko»  auzo elkarteen bidez, auzoetara bisita eta bilera presentzialak egin ditu aldiro auzo ezberdin batean. 

Udalak aditzera eman duenez, 2024tik egindako 17 saioetan 520 eskaera jaso ditu alkateak, eta, horietatik, Irungo Udalak 494tan konpromisoak hartu ditu. Horien artean, 135 gauzatu egin dira jada, eta beste 253 martxan daude. Argitu dutenez, datozen hilabeteetan ekingo zaie gainerako proposamenei, eta datuak eguneratzen jarraituko dituzte auzo elkarteekin harremanetan.

Aurretik ere, 'Alkatea Auzoetan' irundarrentzat eraginkorra dela erakutsi du. Izan ere, agintaldi honetako itzulia hasi aurretik egindako beste 50 bilkuretan 1.621 eskaera jaso zituen udalak, eta horietatik %84 exekutatu diren proiektuak dira. Alde horretatik, alkateak dio «entzuketa aktiboa ez ezik, auzotarrei erantzutea» dela egitasmo honen helburu nagusia. Bestetik, Labordak aitortu du alkate gisa hiriko eguneroko arazo txikiez jabetzeko parada ematen duen ekimena dela. «Bertan zaudenean soilik ezagutzen dituzu, auzo horietan egunero bizi diren pertsonekin zuzenean hitz egiten duzunean», adierazi du.