Irungo atxiloketekin loturarik ez duela argitu eta «kriminalizatzen» saiatu direla salatu du Jardun Koordinadorak

Antxeta Irratia

Terrorismoa egotzita Irungo Ertzaintzaren komisaldegian atxilotutako bi lagunak Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utziko dituzte datozen orduetan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, poliziei eta segurtasun indarrei buruzko informazioa, eta «ustez armak eta lehergaiak dituen leku bat» aurkitzeko informazioa atzeman zieten kontrol batean, eta ikerketaren ondorioz «terrorismo» delitu bat egotzi diete. Jardun Koordinadora desmarkatu egin da, eta egiturako Aske antolakundeak «estatuko makinaria errepresiboa eta mediatikoa koordinadora kriminalizatzeko» martxan jarri dutela salatu du.

Bi pertsona atxilotu dituzte Irunen. Biak Irungo ertzain-etxera joan dira asteburuan abokatuarekin, eta bertan atxilotu dituzte. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, «material oso delikatua» zeramaten hiru pertsona identifikatu zituzten irailaren 26an Eskoriatzan egindako kontrol batean. Poliziei eta segurtasun indarrei buruzko informazioa, eta «ustez armak eta lehergaiak dituen leku bat» aurkitzeko informazioa atzeman zieten. Eta hiru pertsona horietatik bi Ertzaintzaren Irungo polizia etxera (Gipuzkoa) joan ziren larunbatean haien abokatuarekin, eta Ertzaintzak atxilotu egin zituen.

Atxilotuak 34 urteko gizon bat eta 22 urteko emakume bat dira. «Terrorismo» delitu bat egin dutelakoan atxilotu dituzte. Eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utziko dituzte datozen orduetan. Segurtasun Sailak nabarmendu du atxilotuek «aurrekari nabarmenak» dituztela, eta dirudienez, Ertzaintzaren Inteligentzia Bulego Nagusiak egin du ikerketa.

Atxilotutako bi pertsonak Jardun koordinadorarekin lotura zutela aditzera eman dute komunikabide askok. Ezker abertzalearekin kritikoa den egitura da honakoa, 2020ko abuztuaren 15ean sortutako plataforma politikoa da, Euskal Herriko antolakunde independentista eta sozialista iraultzaileak koordinatzeko. Gaur egun Jarki eta Aske antolakundeek osatzen dute. Eta atxiloketen berri jaso bezain pronto haien balorazioa egin dute, estatuko makinaria errepresiboa eta mediatikoa martxan jarri dutela salatuz, eta koordinadora desmarkatuz.

Aske taldeak «estatuko makinaria errepresiboa eta mediatikoa koordinadora kriminalizatzeko» martxan jarri dutela salatu du, eta atxilotuekin lotura dutenik ukatu du. «Euskal Herrian aski ezagunak dira beldurra sortzeko seinalamenduak, eta kasu honetan Jardun koordinadora seinalatu eta kriminalizatzen saiatu dira atxilotuek inolako loturarik ez duten arren», argitu dute. Era berean, atxilotuen lagunei eta senideei presio mediatikoaren aurrean babes osoa adierazi nahi izan diete.