Txikitatik Bartzelonako elastikoa 23 dortsalarekin jantzitzeko ametsa izan zuen, Ivan De La Peña bezala, Leire gaixotasunaren ondorioz burusoil geratu baitzen, idolo zuen erdilaria bezalaxe. Hala ere, futbol profesionalean ez zuen erreferenterik ukan. Landak aitortzen duenez, «ez gizonetan, ezta emakumeetan ere, garai haietan ez baitzegoen halakorik oraindik».
Ametsa bete zuen. Zelaian utzitako izerdiak, erakutsitako grinak eta urratutako bide bakoitzak oihartzun sakona dute oraindik ere emakumeen futbolean. Eta Leire Landa euskal emakume futbolaren historia hurbilaren erakusgarri bizia da. Oiartzungo harrobian eman zituen lehen urratsak baloiaren atzetik, eta Realak emakumeen taldea sortu zuenean egin zuen jauzi Zubietara. Atletico Madrilen jokatu zuen gero, eta «bizitzeko ematen ez zuenez aldi berean lan egin beharretan» aritu zen. Baina futbola bere pasioa zenez jarraitu zuela dio. Bilboko Athleticek eman zion hortaz bizimodua ateratzeko aukera, eta bere ibilbidearen azken urteetan Bartzelonan jokatzeko ametsa bete zuen.
Espainiako Selekzioarekin Munduko Txapelketan parte hartu zuen ere, eta 2017an hartu zuen erretiroa. Gaur egun futbolaren mundutik aldenduta bizi dela kontatu digu, baina «egindako ibilbideaz harro, urratsez urrats gozatu eta sufritu» zuela aitortu digu. Berriki omenaldia egin diote Irungo Stadium Galen Emakumezkoen Euskal Herria Kopako finalaren atarian. Estadio handiagoetan protagonista izan bada ere, «senide eta lagunekin batera urduri» zegoela kontatu digu.
Leire Landak hamaika abentura eta beste hainbeste desbentura bizitu izan ditu, eta tarte bat hartu du Paola Oskoz lankidearekin bere ibilbideari buruz hitz egiteko.