Euskaren Nazioarteko Egunari begirako egitaraua aurkeztu du Irungo Udalak. Hiriko kultur elkarte, abesbatza eta dantza eskola eta beste hainbat eragilerekin batera ondutako «programa oparoa» dela azpimarratu du, Iosu Iguñiz Euskara arloko zinegotziak. «Aurten onartutako AROA Euskara Plan Estrategiko berriarekin hartutako konpromisoekin bat» egiten duen jarduera sorta dela nabarmendu du.
Izan ere, urriaren 30etik abenduaren 9ra bitartean adin guzietarako aproposak diren hamaika hitzordu prestatu dituzte, abenduaren 3tik harago. «Plana hiriko eragileekin adostu genuenean, argi geratu zen Euskararen Eguna ezin duela izan abenduaren 3ko txinparta bat besterik ez», esan du Iguiñizek.
Makina bat hitzordu
Arkaitz Uranga, Euskara teknikariak aditzera eman duenez, PausoK dantza eskolaren "Zazpiak bat" ikuskizunarekin estreinatuko dute egitaraua, urriaren 30ean, 19:00etan, Amai Kultur Zentroan. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena egindako bidaia, zazpi lurraldeetako artistekin, kantu zaharrekin eta abesti berriekin, dantzarekin eta zuzeneko musikarekin, euskalkiei garrantzi berezia emanez, Euskararen Nazioarteko Egunaren programa martxan jarriko da.
Azaroaren 13an, ostiralean, 17:30ean, Ene Kantak taldeak 'Amagoia Dragoia' ikuskizun berria eskainiko du Amaia Kultur Zentroan, Nerea Urbizuren 'Amagoia Dragoiaren ezkatak' liburuan oinarritutako musika-antzerkia. Haurrei eta familiei zuzenduta dago. Azaroaren 15ean, igandean, 12:00etan, 'Irunen Kantuz II' kale kantu-jira egingo da hiriko kaleetan zehar, Irungo abesbatzekin eta Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeak girotuta. Ekimena ekainean abiatu zen, hiriko eragileek eskatuta, kalean kantatzeko ohitura berreskuratzeko eta euskarazko kantutegia zabaltzeko.
Azaroaren 21ean, larunbatean, Palmera Montero Guneak Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen XI. Txapelketa hartuko du, goizez eta arratsaldez, Euskal Herri osoko parte-hartzaileekin. Eta azaroaren 28an, larunbatean, 19:00etan, Oiasso Museoan, Imanol Epeldek 'Zerbait sartu zait begian' bakarrizketa eskainiko du, musika, irudia, argia eta hitza uztartzen dituen pieza.
Abenduaren 1ean, asteartean, 19:00etan, Palmera Monteron, Iñaki Sanz-Azkuek eta Eñaut Agirrek 'Euskara eta natura' hitzaldia emango dute. Abenduaren 2an, asteazkenean, 18:00etan, CBA liburutegian, Beñat Muguruzak 2025eko Jose Antonio Loidi bekaren lana aurkeztuko du: 'Euskararen fade-outa Irunen. Irungo euskararen historia soziala (1900-1936)', XX. mendearen lehen herenean Irunen euskara nola joan zen galtzen aztertzen duen ikerketa.
Euskararen Nazioarteko Egunean bertan, abenduaren 3an, bi hitzordu izango dira. Goizean, 11:00etan, Oiasso Museoak ihes gela antolatu du euskaltegietako ikasleentzat eta Mintzalaguna taldeentzat. Arratsaldean, 19:00etan, Amaia Kultur Zentroan, egitarauaren ekitaldi nagusia izango da: 'Adiorik ez' antzezlana, La Dramática Errante konpainiarena, María Goiricelayak idatzia eta zuzendua, bizitzaren amaierari eta zaintzari buruzko lana. Emanaldia irisgarria izango da publiko guztientzat: audiodeskripzioa, azpitituluak eta entzumen-laguntza izango ditu. Euskara denona bada, denontzat izan behar du.
Abenduaren 6an, igandean, Irungo Txistulari taldeak diana joko du 8:30ean, Urdanibia plazatik abiatuta, eta 12:00etan muxikoak San Juan plazan. Egitaraua abenduaren 9an itxiko da, asteazkenean, 19:00etan, Amaia Kultur Zentroko hitzaldi-aretoan, 'Mintzo zen' laburmetraiaren emanaldiarekin eta Aitor Aranarekin egingo den tertulia dialogikoarekin.
Emanaldi guztiak doan dira. Amaia Kultur Zentroko emanaldietarako gonbidapenak (Zazpiak bat, Amagoia Dragoia eta Adiorik ez) www.irun.org webgunean, Amaia Kultur Zentroko leihatilan eta Luis Marianoko turismo bulegoan eskura daitezke, pertsonako lau gehienez hartuz. Oiasso Museoko emanaldietarako gonbidapenak museoan bertan hartu behar dira, pertsonako bi gehienez