Ostiralean Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarritako hobekuntzak ez direla nahikoak salatu du Irungo Ernaik. Aditzera eman dutenez, lehendik zegoen zerbitzua berrezarri besterik ez du egingo aldundiak.
Bien bitartean, lineek saturatuta jarraituko dutela azpimarratu dute eta oso beharrezkoak diren zenbait hobekuntza, hala nola, E21 eta E25 lineetan maiztasunak handitzea, ez direla emango salatu dute.
Era berean, gogorarazi nahi izan dute eskualdean garraio publikoarekin dagoen arazoa ez dela Lurraldebusera mugatzen. Izan ere, Topoa 30 minuturo baino ez da iristen Hendaiara, eta, gainera, beti joaten da beteta. Txik Txak sareko autobusek ere 30 minutuko maiztasuna baino ez dute, eta prezioak oso garestiak dira.
Bestalde, Irunbus zerbitzuak ez du herritarren beharrei erantzuteko moduko zerbitzu duinik eskaintzen, L1 linea bereziki saturatuta baitago aspaldian. Horrez gain, zenbait autobusen mantentze-egoera kaskarra ere salatu nahi izan dute.
Azkenik, Bortzirietara joateko autobusak bi orduro baino ez dira igarotzen, eta Irundik ateratzen den azken autobusa 18:30ean pasatzen da. Egoera horrek agerian uzten du eskualdean garraio publiko duin, eraginkor eta eskuragarria bermatzeko neurriak hartzeko premia dagoela.
Honen aurrean, mobilizatzen jarraitzeko dei egiten du Ernaik, baita urriaren 30ean deitu duten elkarretaratzean parte hartzeko ere. 19:30tan San Juan plazan.