Belartzako lur azpiko aparkalekuaren obrak azken txanpan sartu dira

Koldo Nausia

Irunvik alokairuan kudeatuko dituen 169 plazak hiru solairutan banatuta daude (bi lur azpian eta zero kotan aterpetutakoa), 30 bat motorrentzako eta bizikletentzako bi gela ere egokitu dituzte. Guztira ia 6 milioi euroko inbertsioa egin du Irungo Udalak Artia auzoko aparkaleku arazoa arindu nahian, eta bide batez, auzoarentzat topagune bilakatu nahi duen kirolgune, parke eta plaza funtzioa beteko du azaleko 2.000 metro koadro inguruko eremuak. 

Irungo Artia auzoan, Belartzako lur azpiko aparkalekuan eraiki dituzten 169 plaza berriak 2027 urte hasierarako erabilgarri egongo dira. Hori iragarri dute udal agintariek bertara egindako bisitan. Eraikuntza lanak amaituta, azken ukituak ematen ari direla aditzera eman dute, eta aparkalekuaren gainean instalatuko dituzten kaleko argiteria, haur-parkea, adinekoentzat kalistenia gunea, kirol-egiturak eta 300 metro koadro lorategiak besterik ez dira falta.

Cristina Laborda alkateak gogoratu du, Artiako bizilagunekin partaidetza prozesu bat egin zutela duela bost urte. «Udaletik argi genuen hiriko aparkaleku arazo handienetakoa auzo honetan dagoela, 60. eta 70. hamarkadatan eraikitako Irungo etxebizitza altuenak izanda ere, lur azpiko aparkalekurik gabeko bizitokiak baitira, gaur egun pentsaezina izango litzateke hori», esan du. 

Gabezia arindu nahian egin dute proiektua, eta aparkaleku berria giltzarri izango da alkatearen ustez, «aparkaleku beharrari erantzuteko ez ezik, auzoko mendi-magalean integratuta, Belartza auzoarentzat topagune edo bihotza ere bilakatuko delako». Izan ere, auzoan plaza funtziorik egiten duen elkargune eskasak dituzte.

Agintaldiko inbertsiorik handienetako

Gogoratu beharra dago, hiru solairuko aparkalekua dela, lurpean bi eta gainekoa. Guztira 169 toki eskainiko ditu, motorrentzako 30 bat plaza eta bizikletak gordetzeko bi gela ere egokitu dituzte. Aparkalekurako sarbidea Berroeta Margolaria kaletik egingo da, eta irteera Zurbaran kaletik, eta bizilagunentzat garaje zerbitzu emango duen aparkalekua izango denez, barruko zirkulazioa noranzko bakarrekoa (zirkularra) egokitu dute, txandakatze handia duten gainerako aparkaleku publikoetan ez bezala. Hortaz gain, gainazalean, haurrentzako parkea, kalistenia gunea, mahai-tenisa eta kirolgune bat ere ezarriko dute.

Gorka Alvarez, Mantenu, Azpiegitura eta Obretarako zinegotziak azpimarratu duenez, auzoen eskaerari erantzuten dion obra konplexua izan da, eta agintaldi honetan Irungo Udalak egindako inbertsiorik handienetakoa. Ia sei milioi euro. «Mendi magalean eginda dago eta zutabe sakonak egn behar izan dira, ingurua hezegune bat delako», argitu du.

Obrak amaitzear daude beraz. Izan ere, hilabete barru aparkalekua prest egongo dela iragarri dute. Baina Irunvi sozietate publikoak kudeatuko ditu aparkalekuak alokairuan emateko, San Juan plaza eta Pinudi auzokoak bezala, eta horrek eskatuko duen prozedurak hiru hilabete inguru hartuko dituela iragarri du alkateak. Era berean, auzoan erroldatutako bizilagunek izango dute lehentasuna plaza eskuratzeko.