Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak jakinarazi duenez, abenduaren 20an (19:00tan) Amaia KZk 'Abandonatuak' izeneko kontzertua hartuko du, Natxo de Felipe, orain agertokietara itzuliko den Oskorriko abeslari mitikoaren eta Kuarteto Philiperenaren proiektua.
2015eko azaroaren 22an, Oskorrik amaiera eman zion bere ibilbide musikal luzeari, Bilboko Arriaga Antzokian emandako agur kontzertu gogoangarri baten ondoren. 1971ko martxoaren 25etik, Natxo de Felipek sortutako taldeak ez zuen bere jarduera eten, kontzertuz kontzertu, mota guztietako agertokietan. 45 urte horietan, taldearen ekoizpena 500 kantu baino gehiagotan laburbiltzen da, eta 38 disko argitaratu zituzten.
Baina disko bakoitzerako abestiak hautatzeko prozesuan, beti sortzen ziren baztertzeak, maketa gisa gordeta geratzen zirenak, gehienak Natxo de Felipek berak osatuak. Eta taldea erdi txantxetan erdi serio erretiratu zenean, abeslariak honako profezia hau bota zien taldekideei: «Egunen batean, zuen lotsarako, kantu abandonatu horiek berpiztuko ditut».
Eta hala egin du Kuarteto Philiperenarekin batera ondu duen proiektu berrian. Przemyslaw Pujanek poloniar konpositore gaztearekin eta Xabier de Felipek (1. biolina), Przemyslaw Pujanekek (2. biolina), Esther Albak (Biola) eta Karmele Castillok (biolontxeloa) luxuzko laukotea osatu dute, kuartetorentzako 15 kantu berreskuratu eta moldatu dituzte, grabatuta eta prest daudenak Natxo de Feliperekin batera kontzertuan jotzeko.
Euskadin emango duten kontzertu bakanetako bat da Irungo Amaia KZn eskainiko dutena. Hitzordu honetan Oskorri taldeak argitaratutako 38 diskoen sormen prozesuan bazter batean utzitako kantu "abandonatu" horiez gozatzeko aukera paregabea izango da.