Errugbiaren familia zabalak Karlos de la Fuente omenduko du larunbatean Plaiaundin

Koldo Nausia

Txingudi Rugby Klubeko jokalari ohia eta entrenatzailea zenari omenaldia egingo diote errugbi klubeko kideek azaroaren 7an (12:45ean) Plaiaundin.

Larunbata errugbi egun berezia izango da Plaiaundin. Pasa den abuztuan zendutako Karlos de la Fuente Perez, urte luzez Txingudi Rugby Clubeko jokalari eta azken boladan gazteen entrenatzaile izandakoa, bihotzez gogoratuko dute eta. Omenaldia 13:45ean egingo diote, larunbatean bertan jokatuko diren sub-16 eta sub-18 partiden artean.

Karlos urte askoz izan zen klubeko jokalari, gazte mailetatik hasi eta senior talderaino iritsi arte. Erretiroa hartu ondoren ere, bere ezagutza gazteekin banatzen jarraitu zuela nabarmendu du klubak, harrobiko taldeak entrenatuz. "Osasun arazoek zeregin hau uztea eragin zioten duela denboraldi pare bat, baina ez zuen inoiz klubarekin eta bere jokalariekin zuen lotura galdu", argitu dute.

Omenaldi ekitaldiaz gain, klubeko gazteek berdegunean arituz gogoratuko dute Karlos, izan ere, 12:00etan 16 urtez azpikoek, eta 14:00etan 18 urtez azpiko taldeek Gernika/Arratikoren aurka jokatuko dute. 

Kirol arloan, garrantzi handiko norgehiagokak izango dira mugakoentzat, Gernika/Arratiko lehen mailara sailkatzeko postuen borrokan aurkari zuzena baitute.