Behar Bidasoaren mende erdiko ibilbidearen erakusketa Palmera Montero gunean ikusgai

Koldo Nausia

Kutxa Fundazioak kofinantzatutako erakusketa azaroaren 27ra bisitatu ahal izango da Irunen. Hamar panelen eta dozenaka erretraturen bidez, Kabuga (Ruanda) eta Irun arteko lankidetzaren bost hamarkadako historia jasotzen du.

Behar Bidasoak bere 50. urteurrenaren harira antolatutako «Kabuga: 50 urteko bidea» erakusketak, 1976an Jose Ramon Amunarriz misiolaria Ruandako Kabugara iritsi zenean hasitako lankidetza harremanaren historia ezagutzeko aukera eskaintzen du. Lehen urrats hura Kabuga eta Irun arteko bide partekatu baten hasiera izan zen, eta bost hamarkadatan zehar, biztanleen bizi-baldintzak hobetzea helburu duten hainbat proiektu eta ekimenen bidez gauzatu da. 
 
Erakusketak ibilbide horren mugarri nagusiak jasotzen ditu, eta hainbat arlotan egindako lana ezagutzeko aukera ematen du: hezkuntza, ur-hornidura, etxebizitza, emakumeen ahalduntzea eta komunitatearen garapena, besteak beste. 
 
Pertsona askoren inplikazioari eta urte hauetan guzietan mantendu den konpromisoari esker eraikitako bidea dela nabarmendu du Behar Bidasoa GKEak. Eta bere hstorian parte hartu duten pertsonen dozenaka erretratu biltzen ditu, izan ere, garatutako proiektu eta programei bizia eman dieten pertsonak jarri nahi izan dituzte erdigunean. "Ekimen, aurrerapen eta lorpen bakoitzaren atzean pertsonak, istorioak eta loturak daude", azpimarratzen dute.  
 
Mende erdiko ibilbidea gogoratzeaz gain, erakusketak herritarrak sentsibilizatzea eta lankidetzaren eta elkartasunaren balioa agerian jartzea ere du helburu. "Lankidetzak errealitateak eraldatzen dituela eta elkartasuna oraindik ere beharrezkoa dela" gogorarazteko.
 
Erakusketak, gainera, webgune osagarri bat du, eta bertan informazioa zabaldu eta lankidetzaren berrogeita hamar urteko historia sakonago ezagutzeko aukera dago.