Izarok abestuko ditu lehen gabon kantak Irunen

Azaroaren 28an gabonetako argiak pizteko ekitaldia borobiltzeko abeslari bizkaitarra gonbidatu du Irungo Udalak, eta 2024ko 'Izaro Gabonetan' albumeko hainbat kantu abestuko ditu San Juan plazan. Udalak Ikust-Alaian antolatu duen Gabonetako Etxearen pertsonaiek ere parte hartuko dute kalejiran, eta San Vicente de Paul ikastetxeko ikasleak izango dira argiak pizteko botoia sakatzeko arduradunak.

Gabonetako atzerako kontaketa hasi da irundarrentzat. Azken asteetan hiriko erdigunean eta auzoetan instalatutako kaleko apaingarri eta argiak azaroaren 28an piztuko dituzte. Eta ohikoa bilakatu den bezala, Irungo Udalak gabonei ongi etorria emateko ekitaldia prestatu du horretarako. Aurtengoan euskal iruditeriak presentzia nabarmena izango du ekitaldian. Batetik, Ikust-Alaia jauregian bisitatu ahalko den Gabonetako Etxeko pertsonaiek parte hartuko dutelako ekitaldian. Iragarri dutenez, Mister Jolas, Galtzagorri, Izartxo eta Amets pertsonaiekin batera kalejira antolatu dute, eta argiak piztu baino lehen, 18:15ean, "Gabon" Gabonetako Etxetik aterako da (Ikust Alaia), eta Kale Nagusia zeharkatuko du San Juan plazaraino.

Bertan, gabonetako argiak pizteko ekitaldia egingo dute. Eta Cristina Laborda alkatearekin batera, aurten, San Vicente de Paul ikastetxeko ikasleek sakatuko dute argiak pizteko botoia.

Cristina Labordak ekitaldia berezia izan ohi dela nabarmendu du. "Batez ere haurrentzat, izan ere, une horretan harrera egiten diegu gabonei, eta aurten, berriro ere, haurrekin partekatzeko aukera izango dugu, haiek izango baitira benetako protagonistak", azpimarratu du.

Irungo Udalaren helburua gabon kanpainari abiada ematea bada ere, familientzat zuzendutako ikusgarri batekin Irun topagune bilakatze da. Eta aurten Gabonetako Etxea bisitariak erakartzeko amua izango bada, argiak pizteko ekitaldiak goi mailako beste protagonista bat izango du.

Udalak gaur iragarri duenez, Izaro Andrés artista mallabitarrak "Izaro Gabonetan" albumaren hainbat kantu abestuko baititu San Juan plazan. Izaroren obrak konposizio originalak, nazioarteko gabonetako popa eta Euskadiko iruditeria eta ohiturak uztartzen ditu.

Musika emanaldiaren ondoren, Gabonek, Gabonetako Etxearen anfitrioiak, haren abenturetan lagunduko dioten lau pertsonaiak aurkeztuko ditu. Eta ospakizunari amaiera emateko, Gabonek eta bere lau lagunek kalejira bat egingo dute San Juan plazatik Zabaltza plazaraino.