Igande hontako hauteskunde orokorren atarian, Ane Unanue Gutierrezen iritziak jaso ditugu. EH Bilduren Gipuzkoako zerrendako bosgarren hautagaia eta Irungo zinegotzia da Unanue, eta 2019tik ari da udal-politikan. Esperientzia horrek Bidasoa eskualdeko errealitatea eta herritarren eguneroko beharrak gertutik ezagutzeko aukera eman dio.
Elkarrizketan, EH Bilduren hauteskunde-proposamenak eta datozen urteetarako lehentasun politikoak izan ditugu hizpide. Besteak beste, Euskal Herriaren erabakitzeko gaitasuna handitzearen eta eskubide sozialak indartzearen garrantzia nabarmendu dugu, baita Madrilgo Kongresutik eskualdeko beharrei erantzuteko aukerak ere.
Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, gazteen prekarietatea eta emantzipazioa, euskararen erabilera, garraio publikoaren hobekuntza eta osasun-zerbitzuen egoera izan dira elkarrizketako gai nagusiak. Unanuerekin, beraz, Bidasoa eskualdearen orainaz ez ezik, etorkizuneko erronkez eta horiei aurre egiteko proposamenez ere hitz egin dugu.