Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak iazko gabonetan martxan jarritako prebentzio eta segurtasun dispositiboa errepikatuko dute aurten. Joan den urtean 150 lanordu gehigarri suposatu zuen, eta delituen beherakada ekarri zuela ondorioztatu zuten. Andoni Urdangarinek, Irungo ertzainburuak aditzera eman zuenez, 2025eko gabonetako kanpainan emandako 440 delituen aldean, iaz 308 eman baitziren.
Horiek hala, formula errepikatzea erabaki dute. Eta Irungo Udalak, Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin batera, prebentziozko eta zaintzako dispositibo berezia jarriko du martxan azaroaren 27an, gabonetarako, eta merkealdietako kanpaina urtarrilaren 17an amaitu bitartean. Argitu dutenez, bi polizia-elkargoak elkarrekin koordinatuko dira dispositiboa antolatzeko. Cristina Laborda alkateak elkarlanaren helburua azpimarratu du. Esan duenez, «hiritarren segurtasuna indartzea, delituak prebenitzea eta ingurune segurua bermatzea da, aste hauetan merkataritza-jarduera eta jendearen joan-etorria nabarmen handitzen baita».
Alde horretatik, udal agintariek Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa funtsezkoa dela nabarmendu dute. Eta poliziaren presentzia indartzearekin gabonak lasaitasunez gozatu ahal izatea espero dute, eta «hiria bizitzaz betetzea, jendea plazetan eta kaleetan egotea, eta merkataritza eta ostalaritza jarduera aktibo egotea». Nuria Alzagak, Hiri Bultzadarako zinegotziak gogoratu duenez, «Gabonetan, Irunek bere potentzial komertzial eta kultural guztia aktibatzen du, bai eta ostalaritzakoa ere, eta aste hauetan, gure hiria topagune bilakatzen da irundarrontzat zein kanpotik bisitatzen gaituzten pertsonentzat». Hortaz, espazio seguruak bermatzeko halako dispositiboak ezinbestekoak direlakoan dago.
Zaintza prebentiboa eta polizien presentzia
Iñigo Bergesek, Segurtasuneko eta Hiritarren Bizikidetzako udal ordezkariak ere, plangintza honen garrantzia nabarmendu du, eta gabonetan ez ezik, sanmartzialetan bi polizia indarren arteko koordinazioak eta elkarlanak izandako emaitzak baikorrak izan direla azpimarratu du. Oraingo honetan ere, elkarlanetik antolatutako dispositiboak arreta berezia jarriko du Irungo merkataritza-eremu nagusietan, hala nola Mendibil eta Txingudiko merkataritza-gunean, erdialdeko dendetan eta Santiago eta Behobiako auzoetan. Aditzera eman duenez, bigilantzia prebentiboa indartuko dute jende gehien biltzen den lekuetan.
Era berean, poliziaren presentzia ere indartuko da prebentziozko patruilen bitartez, oinezko agenteen presentziak efektu disuasorioa eragiten baitu. Argitu dutenez, dispositiboak garraio publikoko joan-etorriak eta aisialdiko zein ostalaritzako espazioetan arreta berezia jarriko du. Eta gabonetako ekintza nagusietan ere plangintza berezia aktibatuko dute, azaroaren 27 honetako gabonetako argiak pizteko ekitalditik hasi, eta San Tomas egunean, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorreran, Gabonetako Krosean edota Erregeen kabalgataren desfilean.