Bidasoak Benidorm bisitatuko du heldu den igandean, urriaren 15ean, 16:45eanBidasoak denboraldiko seigarren jardunaldia jokatuko du igande honetan, urriaren 15ean, Benidormen kontra. 16:45ean dute paratua hitzordua sailkapeneko bigarren eta hirugarren postuan kokatuta dauden bi talde hauek. Zaila izanen bada ere, aurkaria talde gogorra delako, bisitariak puntuak ateratzeko aukera garrantzitsu hau aprobetxatzeko prest dago. “Partiduak erraztasunarekin irabaztea zaila da”, Jacobo Cuetararen erranetan. Bidasoak, azkeneko jardunaldian, horrela egin zuen eta ongi ospatu zuten, ASOBAL Liga estu dagoela ikusita, ez baita erraza puntuak ateratzea. Oraingo honetan, Benidorm izanen dute aitzinean irundarrek eta hau ere ez da partidu xamurra izanen: “Zaila izanen da, porrotik jaso gabe dagoen talde da eta ongi jokatzen ari da. Guretzat aukera garrantzitsua da puntuak ateratzeko, lasaitasuna emanen baitigu honek. Sailkapeneko bigarren eta hirugarren postuetan dauden bi taldeen arteko lehia polita izanen da”. Benidorm jende gaztearekin eta esperientziadun jokalariekin osatu du aurtengo taldea, “nahasketa interesgarri batean”, Cuetararen iritziz. “Ongi jokatzen ari dira denboraldi hasiera honetan, lehiakorrak izaten ari dira. Urtea luzea da, baina ongi daude. Defentsan lan ona egiten dute, korri asko egiten dute eta erasoan ere errendimendu ona dute”, gaineratu du prestatzaileak. Bidasoak, bere aldetik, “erritmo baxuan lehiatzen” ari direla onartu du entrenatzaileak. Hala ere, “defentsarekin oso kontent” dagoela adierazi du eta horrek “lasaitasuna” ematen diola. Horrez gain, “atzean ongi gaudenean, aitzinean ere hobe jokatzen dugu”, azpimarratu du Jacobo Cuetarak. (Argazkia: Jacobo Cuetara)
Osorik irakurri