REAL UNIONEK PORROTA JASO ZUEN CORNELLÀREN AITZINEAN

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2023ko aza. 13a, 11:01

Txuribeltzek markagailua berdindu zuten lehen zatiaren bukaeran, baina etxekoek emaitza bereganatu zuten azken 45 minutuetanReal Unionek porrota jaso zuen Cornellàren aitzinean pasa den larunbat arratsaldean. 3-1eko markagailuarekin galdu zuen Fran Justoren taldeak eta punturik batu gabe bueltatu zen Irunera. Etxean duten indarra ezin izan zuten kanpoan zelairatu eta helburu horrekin lanean segitu beharko dute orain. Lehen zatia hasi eta zazpigarren minutuan izan zuen Real Unionek lehen aukera. Alain Oyarzunek alboko falta bat atera zuen, baina aurkarien atezainak ongi gelditu zuen jaurtiketa. 25. minutuan berriz, epaileak Eimilek atezainari falta egin ziola erabaki zuen eta beraz, penaltia izan zen etxekoen alde. Canariok, orduan, aukera aprobetxatu eta lehen gola sartu zuen. Fran Justoren taldea saiatu zen partidua berdintzen eta horretarako zenbait aukera izan zituen. Lehen bitan ez zuen atean asmatu, baina hirugarrenean ailegatu zen euren gola. 39. minutuan, Cerdák sartu zuen gola eta neurketa berdinduta iritsi zen atsedenaldira. Bigarren zatiaren hasieran, txuribeltzek bertze bi aukera izan zituzten aitzinetik jartzeko, baina bietan ere etxekoen atezainak ongi gelditu zituen jaurtiketak. 72. minutuan aldiz, berriz ere penalti batean bidez, Canariok bereganatu zuen markagailua eta 2-1ekoa ezarri zuen. Hori gutti balitz, 83. minutuan, hirugarrena eta azkena sartu zuen Cornellàk, oraingo honetan Gonpiren eskutik. Horrela, hiru puntuak Katalunian utzita, Real Union zortzigarren postuan dago orain sailkapenean, 19 punturekin, eta Cornellà bira hurbildu da, 17rekin. Larunbat honetan berriz, azaroaren 18an, etxean jasoko du Fran Justoren taldeak Nàstic de Tarragona, 18:00etan. (Argazkia: UE Cornellà)

Osorik irakurri