Azken minutuetan sartutako golak puntu bat poltsikoratzea ekarri zien txuribeltzeiReal Unionek bertze puntu bat poltsikoratu zuen pasa den larunbatean Galen. Nàstic de Tarragonaren kontra aritu zen Fran Justoren taldea eta banako markagailuarekin bukatu zuten elkarren kontrako partidua. Lehen hogei minutuetan talde bisitaria aitzindu bazen ere, etxekoek emaitza berdintzea lortu zuten neurketaren azken txanpan. Nàstic lehen minututik agintzen hasi zen eta bereak izan ziren neurketaren abagune gehienak. Hala ere, hogeigarren minutura arte ezin izan ziren markagailuan aitzindu. Orduan, Pablo Fernandezek 0-1ekoa ezarri zuen eta emaitza euren alde jarri zuen. Amore eman gabe saiatzen segitu zuten, bigarren gola eskuratzeko asmoz. Edonola ere, ezin izan zuten atean asmatu eta atsedenaldira 1-0ekoarekin joan ziren bi taldeak. Bigarren zatia bide beretik hasi zen. Edonola ere, Fran Justok aldaketa batzuk egin zituen zelaian eta honek partiduari buelta ematea ekarri zuen. Real Union aukerak edukitzen hasi zen eta 88. minutuan etxekoen gola ailegatu zen. Cordobak jokaldia egin eta Escobar izan zen gai banako berdinketa lotzeko. Sailkapeneko bederatzigarren postuan kokatuta, heldu den igandean (azaroaren 26an) Galen ariko da berriz ere Real Union. SD Logroñes izanen du aurkari, 12:00etatik aitzinera. (Argazkia: Photos Lasa)
Osorik irakurri