Bidasoako zuzendaritza batzordeak hala erabaki zuen pasa den asteartean eta horren berri ematera behartua sentitu daAzken aldian Bidasoaren entrenatzailea den Jacobo Cuetararen inguruko zurrumurruak zabalduak ziren eskualdean. Klubak bere kontratua berrituko ez zuela aipatu zen eta gaur hori bera konfirmatu dute Gurutz Aginagalde Bidasoako presidenteak, Julen Aginagalde kirol zuzendariak eta Gorka Wamba batzordekideak. Asturiarrak ez du lehen taldean segituko datorren denboraldian, jokamoldea aldatzeko bi aldeek dituzten iritzi desberdinengatik. Gurutz Aginagalde presidenteak aitortu du “informazio hau zabaltzeko asmorik ez” zutela oraindik, “lehen taldearen dinamika mantentzeko asmoa” zutelako. Hala ere, azken asteotan prentsan, baita zaleen artean ere, zurrumurru batzuk zabalduak ziren eta “egoera zein den azaltzeko beharretan sentitu gara”, aipatu du Aginagaldek. Horrez gain, jakinarazi du “lehen eta azken aldia” izanen dela honen inguruan solastuko direna, “lehen taldearen lasaitasuna” mantendu nahi dutelako. Jacobo Cuetararen berritzearen gibeletik, arazo pertsonalak zeudela aditu da, baina batzordekide guztiek hori gezurtatu dute. Benetako arrazoia, lehendakariak azaldu duenez, jokamoldea aldatzeko bi aldeek dituzten iritzi desberdinak dira, eta horren ondorioz prozesua nola eman den jakinarazi nahi izan du: “Guk ideia bat geneukan eta, zentzu horretan, zortzigarren jardunaldia pasatuta eta atsedenaldia baliatuta, Jacoborekin negoziatzeko momentua zela erabaki genuen. Granollersen partiduaren ondotik, larunbat horretan, Julen eta Gorka berarekin egon ziren negoziaketak hasteko”. Julen Aginagalde klubeko kirol zuzendaria izan zen bilera hartan eta geroztik gertatu dena ere kontatu du. Lehenik eta behin, azpimarratu nahi izan du “emaitzekin oso kontent” daudela, baina euren beharra “hobetzea eta garatzea” dela eta horregatik, zenbait gauza aldatu behar zirela, “horien artean jokatzeko modua”. Irundarrak erran du “entrenatzaile batek profesionala izateko bilakaera bat behar” duela eta horren harira, klubak ere bilakaera bat behar zuela emaitzak oraindik hobeak izateko. Bidasoaren betebeharra hori zela kontuan hartuta, entrenatzailearekin berarekin solastea erabaki zuten eta ideia hori berari helaraztea: “Batzordekide guztiak ados gaude klubak behar duen bilakaerarekin. Jokamoldea aldatu behar dugu. Horrek ezaugarri desberdineko jokalariak ekartzea erraztuko luke eta hori adierazi genion Jacobo Cuetarari. Berak bere lan egiteko moduan sinesten ez bagenuen ezingo zela aurrera egin esan zigun eta ez zegoela ezer gehiago hitz egiteko. Klubak, bere aldetik, erabaki bat hartzerakoan horren berri emanen zitzaiola aipatu zion”.Kirol zuzendariak ere adierazi nahi izan du “kanpotik etorri diren estrategia komunikatibo desberdinak, informazio interesatu eta manipulatuak, zuzendaritzak puntu hauek larritzat ematea eta mesfidantza edukitzea” ekarri duela. Horrela, batzordekide guztiak elkartu ziren pasa den asteartean, azaroaren 21ean, eta Jacobo Cuetararen kontratua ez berritzea erabaki zuten bertan. Honekin guztiarekin, “atzo, azaroaren 22an, arratseko 21:15ean erabaki hau entrenatzaileari helarazi zitzaion”.Azkenik, Julen Aginagaldek azpimarratu du zuzendaritza batzordearen beharraren alde lan egin behar dutela “klubeko edozein jokalari, entrenatzaile edo batzordekideren gainetik”. Orain arte entrenatzaileak egin duen lana ere eskertu nahi izan zu eta bere profesionaltasuna goraipatu ere. Aldi berean, zaleei dei bat egin die, hemendik aitzinera, “denek elkarrekin egon behar” dutelako, lehen taldearen onuragatik.
Osorik irakurri