REAL UNIONEK ETXEAN JOKATUKO DU BERRIZ ERE SD LOGROÑES-EN KONTRA

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2023ko aza. 24a, 15:56

Fran Justok aurkaria futbolean ongi jokatzen duen taldea dela aipatu duReal Unionek bertze asteburu batez segidan etxean jokatuko du igande honetan, azaroaren 26an. 12:00etan SD Logroñes hartuko du Galen, irundarren entrenatzaileak erran duenez, futbolean ongi jokatzen duen aurkaria hain zuzen. Aste bateko larunbatetik hurrengo asteko igandera bitarte partidurik ez edukitzea abantaila da Fran Justoren ustez. Hori gertatu zaio Real Unioni oraingoan eta igandeko partidua “normalean baino denbora gehiagorekin prestatzea” ahalbidetu die. “Detaile gehiago lantzeko aukera izan dugu eta taldea hazteko eta hobeki lehiatzeko prozesu horretan murgiltzeko denbora izan dugu baita ere”, adierazi du Justok. SD Logroñes izanen du aitzinean talde txuribeltzak aste honetako azken egunean. Entrenatzaileak “futbolean ongi aritzen” den taldea dela erran du, “intentzio eta modelo argiak” dituena gainera. Taldekide beteranoak dituela ere jakinarazi du, “neurketaren erritmoak ongi kudeatzen dituztenak”. Horrez gain, aipatu du maila eta multzoko talde guztientzat denboraldiko momentu garrantzitsu bat dela oraingoa, eta horregatik, partidua gogorra izanen dena. Etxean arituko da Real Union bi astez segidan eta oraingo honetan, “puntu bat gehiago” eman behar dutela onartu du prestatzaileak, “heldu diren jardunaldietarako seguruago egoteko” helburuarekin.

Osorik irakurri