BIDASOAK ASOBAL LIGAN PENTSATZEN JARRAITZEN DU

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2023ko aza. 24a, 15:29

Azken orduko polemikak alde batera utzita, Bidasoak Cangas garaitu beharko du igandean (17:30)Bidasoak ASOBAL Ligari segida eman beharko dio asteburu honetan, azken orduan klubaren inguruan izan diren polemikak alde batera utzita. Talde irundarrak Cangas bisitatuko du igande honetan (azaroaren 26an), 17:30ean, denboraldiko hamabigarren jardunaldia jokatzeko. Prentsaren aitzinean atera da Jacobo Cuetara gaur, astero moduan, jardunaldi berri baten atarian. Hala ere, azken orduetako polemikaren inguruan solastu da lehenbizi. “Triste” sentitzen dela dio, “ilusio handia” zuelako Bidasoak segitzeko, “oso zoriontsua” izan baita klub horiaren lehen taldea gidatzen. “Aste gogorrak” izan direla ere onartu du, batez ere Sinfinen kontrako partiduko eguna: “Aste gogorrak izan dira niretzat. Sinfinen kontrako partidua bereziki gogorra izan zen, agian nire ibilbideko partidurik gogorrena. Borja Nire ondoan egon zen, lagunen, eta aitzinera atera genuen azkenean”.Entrenatzaileen bizitzaren parte da klub batetik bertzera pasatzea eta hori ere kontuan eduki behar duela dio Cuetarak: “Entrenatzaileek, momentu jakin batean, klubek gurekin ez kontatzea onartu behar dugu. Gure ofizioaren parte da”. Edonola ere, orain hobeki dagoela ere onartu du eta ilusioz dagoela asteburuko erronkari aurre egiteko. Aldi berean, dei bat egin die zale guztiei ere: “Lasaitasuna behar dugu denok. Dena ongi joanen da, bai niretzat, baita klubarentzat ere. Zaila da, baina aitzinera egin behar dugu eta taldeaz disfruta behar dugu, garaipenak pilatzen segitzeko”. Bidasoaz gozatzeko hurrengo aukera igande honetan, azaroaren 26an, izanen dute bidasotar guztiek. Cangas bisitatuko dute orduan, 17:30ean, eta taldea kantxara batuta aterako dela ere diote entrenatzaileek. Hala ere, zaila izanen dela badakite, baino kantxan ikusiko duten aurkariarengatik batez ere. Cuetarak jakinarazi du, aurkaria “etxean hazi egiten” dela, “batez ere goiko taldeen kontra”. Horrela, “bere bertsiorik onena ikusiko dugu, baita pabilioi bete bat ere, eta zaila izanen da”. Cangas “borrokalaria” den talde bat dela ere azpimarratu du eta “egonkorra” dela, denbora aunitz eramaten baitute elkarrekin entrenatzen gehienek. “Detaileak” izanen dira kontuan hartu beharrekoak igandean, kontrolpean eduki beharko direnak. Horrez gain, defentsan bere onena erakutsiko du Bidasoak, beti egiten duen moduan, eta erasoan ere fin ibiliko dira. (Argazkia: Arrate Morales)

Osorik irakurri