REAL UNIONEK ASTON VILLAREKIN SINATU DU LANKIDETZA HITZARMENA

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2023ko aza. 29a, 09:16

V Sport sare globalarekin bat egin du klub txuribeltzak, bere jokalari gazteen garapena hobetzeko asmozReal Unionek Aston Villarekin lankidetza hitzarmen bat sinatu duela iragarri du, pasa den astean Realarekin zuen kontratua bertan behera utzi ondotik. Igor Emery klub txuribeltzeko presidenteak iragarria zuen dagoeneko Ingalaterrako taldetik hurbil zeudela, baina oraindik harremana formalizatu gabea zegoela. Atzo sinatu zuten Real Union eta Aston Villaren arteko lankidetza hitzarmen berria. Bertan izan ziren Unai Emery (Aston Villa taldeko entrenatzailea), Nassef Sawiris (Aston Villako presidentea eta jabeetako bat) eta Igor Emery (Real Uniongo presidentea). Horrela, klub txuribeltza V Sport sare globalaren parte bihurtu da, Vissel Kobe (Japonia), ZED FC (Egipto) eta Vitória Sport Clube (Portugal) taldeekin batera. Hitzarmen berri honen helburu nagusia, kluba haztea izanen da, hau nazioarte mailan kokatuz eta bertako gazteen garapena hobetuz. Hazkuntza honek metodologian izanen du eragina batez ere. Klubetik aipatu dutenez, “bi kluben arteko akordio historiko honek metodologia teknikoa eta entrenamendukoa ere garatuko ditu. Aldi berean, errendimendu-, begiratze- eta atzemate-arloetan, datuen analisian eta plantillen kudeaketan lagunduko du”. Horrela, sare horretan dauden taldeen arteko truke kooperatiboa ere egonen dela adierazi dute, ideien, tekniken eta jardunbide egokien inguruan hain zuzen. (Argazkia: Estudio Gover)

Osorik irakurri