FRAN JUSTO: “PARTIDU IA PERFEKTU BAT EGIN BEHARKO DUGU BIHAR”

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2023ko abe. 1a, 16:58

Real Unionek Cultural y Deportiva Leonesa bisitatuko du, abenduaren 2an, 20:00etanSailkapeneko bigarren postuan dagoen taldea bisitatuko du bihar, abenduaren 2an, Real Unionek. Hain zuzen ere Leonera joanen da taldea, bertako Cultural y Deportiva Leonesa taldearen kontra lehiatzeko, 20:00etatik aitzinera. Fran Justoren iritziz, Real Union “mailako zelairik zailenetariko batera” joanen da asteburu honetan. Horrez gain, aitzinean “forma onean dagoen taldea” aurkitu dute txuribeltzek. Izan ere, pasa den asteburuko neurketa galdu arren (Nàstic-en kontra), irailaren 17tik ez zuen porrotarik jasoa Cultural y Deportiva Leonesak eta horrek, “konfiantza maila altua” eman dio taldeari. Irundarren entrenatzaileak aipatu du, “ongi landutako taldea” dela aurkaria eta, indibidualki ere, talentu handia duela. Zaila izanen bada ere, erronka “motibagarria” dela onartu du Justok, Real Unionek ere talde handien aitzinean hazi egiten dela erakutsi duelako. Biharko neurketa modu “ia perfektuan” egin behar duela ere azpimarratu du, garaipena eskuratu ahal izateko. Konzentratuta egotea gakoa izanen da txuribeltzentzat, baita “jokoaren plana argi edukitzea” ere: “Neurketa zaila izanen da, luzea, eta konzentratuta ez bagaude, galdu egin dezakegu. Gure plana aitzinera eraman behar dugu, zaila izanen bada ere, horretarako baliabideak ditugulako. Min egiten ahal diegu, baita deseroso sentiarazi ere”. Real Unionek azken hiru jardunaldiak galdu egin ditu eta, bereziki, azken porrota gogorra izan zen. “Astean zehar futbolistikoki eta emozionalki landu ditugu azken porrotak. Partiduaren egoera bakoitzean nola jokatu dugun aztertu dugu, errealistak izanda eta umiltasunez, hobeki lehiatu ahal izateko”, adierazi du Justok. Entrenamenduetan lan gogorra egin dute jokalariek eta horrela jakinarazi du prestatzaileak ere. Orain, aukera puntuak irabazteko aukera berri bat ikusten dute biharko partidua eta aitzinera pausu bat emateko garaia dela.

Osorik irakurri