Bidasoa Irunek Bada Huesca taldea jasoko du bihar, abenduaren 2an, Artalekun 21:00etanBidasoak bertze garaipen baten ondotik, etxera bueltatuko da bertan Bada Huesca taldea jasotzeko. Bihar, abenduaren 2an, jokatuko da bi talde hauen arteko partidua, 21:00etan, eta Jacobo Cuetarak erran duen moduan, bertze aukera berri bat izanen da taldeak aitzinera egin dezan. Pasa den igandeko jardunaldiaren ondotik, astean zehar ongi entrenatu dutela jakinarazi du Jacobo Cuetarak. Cangas garaituta, taldea “behetik gora” egiten ari dela dio eta “kontent” dagoela honekin guztiarekin. Azken asteotan baja garrantzitsuak izan ditu Bidasoak eta hala ere, gai izan da puntuak binaka batzen segitzeko. “Hobetzen ari gara, errendimenduan ere, eta jokalari batzuk hazten ari dira”, adierazi du Cuetarak. Urtea bukatu baino lehen, hiru partidu jokatuko dituzte ASOBAL Ligan, eta horietatik bi etxean jokatuko ditu talde horiak. “Estutzeko momentua” dela azpimarratu du entrenatzaileak, bai taldearen aldetik, baita zaleen aldetik ere. “Aukera handi bat dugu biharko neurketatik hasita eta zaleen bultzada behar dugu hau aitzinera ateratzeko”, gaineratu du. Bada Huescak “beti lehiatzen ari den taldea da”, erran du Cuetarak, eta Ligako “hirugarren defentsarik onena du”. Lehiakorra den taldea dela ere adierazi du, eta ongi jokatu behar dela beraien aitzinean puntuak batzeko. Hala ere, Bidasoa etxean indartsua dela ere onartu zu prestatzaileak, batez ere zaleen bultzadarekin: “Partidu guztiak zailak dira, eta denak gogorrak izaten ahal dira. Denon bultzada behar dugu aitzinera egiteko, aukera handi bat dugulako gure aurrean”. (Argazkia: Rober Pastoriza)
Osorik irakurri