Zazpi urterekin hasi zen pilotan eta hogei urte beranduago profesional mailara pasatuko da, Munduko Txapelketan garaile izan ondotikJoseba Aldave igantziarrak ortzirale honetan, abenduaren 8an, eginen du ASPEren eskutik debuta pilota profesionalean. Zabalarekin batera, Mata eta Erostarberen kontra ariko da Donostiako Atano III.a frontoian. Zazpi urterekin hasi zen bere herrian pilotan eta, 20 urteren buruan, profesional mailara salto eginen du, inoiz horrekin ametsik egin ez badu ere. Igantzitik Berara, Beratik Doneztebera, eta handik Iruñeara joan zen Joseba Aldave bere haurtzaro eta nerabezaroan pilotan aritzera. Azken urteetan Garfe enpresarekin lan egin du eta garaipen ugari bildu ditu afizionatu mailako txapelketa aunitzetan. Tartean, saririk handiena, aurten munduko txapeldun izan dela da. Lan aunitz egin ondotik, eta pilotan hainbertze disfrutatu ondotik, pilotaren maila gorenera pasatzeko aukera etorri zaio. ASPEren eskutik eginen du Aldavek salto profesional mailara. Entrenamendu batzuk eginak zituen enpresa honekin, baina inoiz ez zuen pentsatu horrelako deirik jasoko zuenik. Ilusiorik ere ez zuen egin nahi, bere burua ez presionatzeko asmotan. Bere helburua inoiz ez da izan profesional mailan aritzea, baizik eta pilotaz difrutatzea eta afizionatuetan ahalik eta hobekien aritzea. Hori lortu ondotik, 27 urterekin etorri zaio maila gorenean aritzeko aukera. Horretarako zaharregia dela ematen badu ere, bere iritziz momentu onena da. Fisikoki eta mentalki heldutasuna eta esperientzia du eta ezin hobe heldu zaio aldaketa hau. Ortzirale honetan, abenduaren 8an, eginen du zehazki debuta. Atano III.a frontoian ariko da, Zabalarekin bikote eginez, Mata eta Erostarberen kontra. (Argazkia: ASPE)
Osorik irakurri