Puerto Saguntori irabazi ondotik, talde irundarrak lehen itzuliko puntuen errekorra lortu du aurtenBidasoak etxetik kanpo galdu gabe segitzen du eta beraz, bertze garaipen batekin bukatu du asteburua. Pasa den larunbatean, Puerto Saguntoren etxean, 26-32ko markagailua lortu zuen eta bertze bi puntu batuta, 25 ditu orain sailkapenean. Marka honekin klubaren lehen itzuliko puntuen errekorra lortu dute. Lehen zatiaren hasieran indarrez kantxaratu zuen Bidasoa Puerto Sagunton. Hamargarren minuturako 3-10eko markagailua erdietsi zuen talde irundarrak, eta aurkaria bi hutsarte eskatzera behartu zuen. Orduan ailegatu zen etxekoek erantzuna, eta hamar minutu beranduago, ia emaitza berdintzea lortu zuten valentziarrek, 10-11koa lortuz. Hala ere, Jacobo Cuetararen mutilek zituzten besoak jeitsi, eta atsedenaldia baino lehen, tartea laura ireki zuten, 13-17koa ezarriz. Bigarren zatian, hasierako maisutasun hori erakusten segitu zuen Bidasoak, eta 37. minutuan, zazpi goleko errenta lortu zuen (15-22). Azken ordu erdiko errentarik altuena 8koa izan zen, 23-31 eta 24-32, baina garaipena eskutan zegoela ikusirik, erritmoa apaldu eta seiko errentarekin irabazi zuten azkenean irundarrek, 26-32ko emaitzarekin. Bi puntu gehiago batuta, Bidasoak 25 ditu orain bere poltsikoan eta lehen itzulia 27rekin ere bukatu dezake, heldu den asteartean (abenduaren 12an) Cuencaren kontra Artalekun jokatuko duen partiduan. Gabonetako atsedenaldia baino lehenagoko Plenitude ASOBAL Ligako azken jardunaldia izanen da, baina ez azken hitzordua. Izan ere, asteburuan, Espainiako Kopa jokatuko da Irunen. (Argazkia: Pepa Conesa)
Osorik irakurri