Cuencari irabaztea lortu zuen (35-31) partidu gogor batean eta 27 punturekin bukatu du ASOBAL Ligako lehen itzulia, marka historikoa lortuzBidasoa Irunek Plenitude ASOBAL Ligako lehen itzulia bukatu zuen atzo arratsean Cuencaren kontra jokatutako partidu gogor batekin. Kosta egin bazitzaion ere, garaipena eskuratu zuen talde irundarrak, 35-31ko markagailuarekin, eta 27 puntu batu ditu orain guztira sailkapenean. Marka hau historikoa da bidasotarrentzat, lehen itzuli batean inoiz lortutako puntuazioarik altuena baita. Intentsitate altuarekin hasi zuten neurketa atzo Artalekun Cuencako jokalariek. Egungo Ligako txapeldunordeak direnak markagailua euren alde jarri zuten segidan eta lehen zatiaren gehiengoa aitzinetik joan ziren. Hala ere, gibeletik jarraitu zieten etxekoek eta pare bat goleko errenta izan zen bisitariek eskuratu zuten alderik handiena. 24. minutuan aldiz, 14nako berdinketa lortu zuen Bidasoak eta aurkariak hutsartea eskatzera behartuak izan ziren. Honek ez zuen gehiegi eragin, izan ere, minutu bateko geldiunearen ondotik, Tao Gey-Emparanen golarekin lehen aldiz aitzinetik jarri zen Jacobo Cuetararen taldea eta geroztik, ez zien markagailuak ihes egin. Atsedenaldirako bidean, 18-16ko emaitza lortua zuten etxekoek. Bigarren zatian, Cuenca indarrarekin kantxaratu zen berriz ere, eta 0-3ko partzialari esker, tanto bakarrera hurbildu zen (22-21). Cuetarak orduan, hutsartea eskatu, eta bere taldeak behar bezala erantzun zuen. Euren aldeko abantaila berriz ere handitu eta zazpi goleko tartea ireki zuten markagailuan. Hala ere, azken hamar minutuetan, nekea nabaria zen eta tarte hori pixka bat murrizteko aukera izan zuten bisitariek. Edonola ere, 35-31ko emaitzarekin irabazi zuen Bidasoak eta Artalekuk lehen itzuliari bukaera ezin hobea eman zion. Sailkapenean 27 puntu batuta, lehen itzulian inoiz lortutako puntuaziorik altuena eskuratu du Bidasoak. Marka historikoa eginda, otsailean emanen dio segida denboraldiari bigarren itzuliarekin. Barça izanen du aurkari Bidasoak lehen neurketa horretan, eta Ligako lidergotza borrokatuko du kataluniarren kontra. Hala ere, horren aitzinetik, asteburu honetan bertan bertze erronka bat izanen du Jacobo Cuetararen taldeak. Espainiako Kopa jokatuko da Artalekun eta ortzegunean (abenduaren 14an) jakinen da zein izanen den irundarren lehen aurkaria. (Argazkia: Arrate Morales)
Osorik irakurri