Beti Gazteko bi taldeek urteko azken jardunaldiak galdu zituzten, eta Baztanek bina berdindu zuen GiltxaurdinUrteko azken jardunaldiak jokatuko dituzte asteburuan Baztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusienek. Gipuzkoako Ligan ari direnen artean, Berako Gure Txokoak soilik irabazi zuen, 1-3ko markagailuarekin Landetxaren kontra. Nafarroako Ligan aldiz, Doneztebe izan zen partiduko hiru puntuak eraman zituena, Iruntxikiri 0-3 irabazita. Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek 1-2 galdu zuten Touringen kontra urteko azken jardunaldian. Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak kontatu duenez, lesakarrek lehen minutuetan 1-0ekoa jarri zuten, Maialenen golaren bitartez. Hala ere, erritmoa jeitsi zuten azken zatian eta aurkariak, presioa eginda, markagailua iraultzea lortu zuen. Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek ere 3-2 galdu zuten Mutrikuren kontra. Atsedenaldira aitzinetik joan ziren lesakarrak, 1-2koarekin, baina bigarren zatian akats batzuk egin ondotik, aurkariak berdindu eta bere alde jarri zuen emaitza neurketaren bukaerarako. Javier Escagües entrenatzaileak akats horiek partidua erabakita utzi zutela kontatu du, nahiz eta azken minutuetan ere baloiaren jabetza Beti Gaztekoena izan. Erregional mailako Gure Txokoak berriz, arrakastarekin bukatu zuen urtea. Landetxari 1-3 irabazi zion eta berriz ere garaipenaren bidean sartu dira beratarrak. Ganix Zubieta entrenatzaileak onartu duenez, igoera fasea hasteko bi jardunaldi bakarrik gelditzen den momentu honetan, gero eta hurbilago ikusten dute euren burua mailaz igotzeko aukera jokatzen. Nafarroako Ligan, Lehen maila autonomikoko Baztanek bina berdindu zuen pasa den larunbatean etxean, Iruñaren kontra. Iban Romo entrenatzaileak erran duenez, ez zuten joko ona zelairatu baztandarrek eta galtzen ari ziren. Hala ere, azken momentuan, partidua berdintzea lortu zuten, eta pozgarria izan zen beraientzat puntuak banatzea. Hala ere, Gabonetako oporretan, atsedena hartzeaz gain, gaizki egindakoak zuzentzeko aukera aprobetxatuko dute. Azkenik, Preferente mailako Doneztebek 0-3ko markagailuarekin garaitu zuen igande arratsaldean Iruntxiki. Beriainen jokatu zuten urteko azken jardunaldia eta Joel Gil bigarren entrenatzaileak azaldu duenez, nahi zuten bezala bukatu zuten urtea. Nagusi izan ziren aurkariaren zelaian eta hiru puntuak ekarri zituzten bueltan etxera. Merezitako atsedena hartuko dute orain doneztebarrek ere, baina entrenatzen segituko dute martxa on hori ez galtzeko.
Osorik irakurri