ALEX MOZAS IZANEN DA BIDASOAKO ENTRENATZAILEA DATOZEN BI URTEETAN

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2023ko abe. 19a, 15:38

Torrelavegako egungo prestatzailea da Mozas eta bi denboraldirako sinatu du Bidasoarekin akordioaAlex Mozas Garcia izanen da heldu den denboralditik aitzinera Bidasoako entrenatzailea. Kluba eta madrildarra akordio batera iritsi dira, eta horren ondorioz, 2024/25 eta 2025/26 denboraldietan ariko talde horia gidatzen, hasiera batean. Batcho BM Torrelavega taldearen entrenatzailea da gaur egun Alex Mozas. 2018an iritsi zen Kantabriara, Secin Group BM Alcobendas taldean egon ondotik. Torrelavega gidatzen hasi zen orduan, eta 2021ean lortu zuen talde Espainiako eskubaloiko mailarik altuenera igotzea. Aurtengoa kantabriarren hirugarren denboraldia da Plenitude ASOBAL Ligan eta 75 partidu jokatu dituzte momentuz, 33 garaipen, 7 berdinketa eta 35 porrotekin. 2023/24 denboraldiko lehen itzulia bukatuta, seigarren postuan kokatu da Torrelavega, 15 punturekin guztira. Mozas Espainiako junior selekzioko bigarren entrenatzailea da baita ere, eta Europako eta Munduko txapeldun izandakoa da junior selekzioarekin. Plenitude ASOBAL Ligan debuta egin zuen urtean, denboraldiko entrenatzaile onena izendatu zuten eta pasa den denboraldian, bigarren teknikaririk onena ere izan zen. Julen Aginagalde CD Bidasoako kirol zuzendariak positiboki baloratu du Alex Mozasen fitxaketa: Oso pozik gaude. Lan bikaina egin du Torrelavegan, eta oso egoera onean jarri du Plenitude ASOBAL Ligan. Uste dugu ibilbide ona duela eta elkarrekin hazi gaitezke proiektu honetan lanean. Entrenatzaile madrildarrak jokalari gazteekin izandako esperientzia nabarmendu nahi izan du Aginagaldek ere: Kontuan hartu behar da Espainiako selekzioaren beheko kategorietan duen esperientzia. Pertsona aproposa da guretzat, eta arrakasta handia izatea espero dut.

Osorik irakurri