Biok Txingudik 29-36 irabazi zuen Riojaren kontra, eta Zaisa Txingudik 7-15 Gaztedi Bren kontraTxingudi Rugby Klubeko taldeek arrakastarekin hasi dute urtea eta, asteburuan, garaipen bana eskuratu zuten senior mailako jokalariek. Biok Txingudik Riojaren kontra jokatu zuen Logroñon, eta 29-36ko markagailuarekin irabazi zuten. Zaisa Txingudik ere 7-15eko emaitzarekin Gaztedi B garaitu zuen Gasteizen. Biok Txingudik partidu zaila zuen aitzinetik pasa den larunbatean. Riojaren kontra aritu zen Logroñon, eta emakumeek egoera zailetara egokitzeko ahalmena erakutsi zuten. Hotzez, belar artifizialeko zelaian eta hamabi jokalarirekin atera ziren jokatzera eta garaipena eskuratzeko gai izan ziren. Markagailua irekitzen lehena Rioja izan zen, bi entsegu eta eraldaketa bat eginez (12-0). Hala ere, aldaketa batzuen ondotik, Biok Txingudik lehenengo marka eta eraldaketa erdietsi eta 12-7koa ezarri zuten. Erritmoa hartuta, Naroa de la Fuentek (27’), bigarren aldiz, Leire Muñozek (32’), Paola Vegak (35’) eta Enara Arrutik (39’) lortutako entseguekin, eta azken honen eraldaketa batekin, atsedenaldira alderik handienarekin iristea lortu zuten mugakoek (12-29). Bigarren zatian etxekoak partidua berdintzeko gai izan ziren, baina amore eman gabe segitu zuten mugakoek eta azkenik, 29-36ko emaitzarekin irabaztea lortu zuten. Garaipen honekin, Biok Txingudi zortzigarren kokatzen da sailkapenean, Arrasate/Eibar B zazpigarrenarekin berdinduta.Zaisa Txingudik ere garaipenarekin hasi du urteaSenior mailako gizonezkoek ere irabazten bukatu zuten urteko lehen neurketa. Gaztedi Bren kontra partidu berdindua jokatu zuten, baina azkenik, 7-15ko emaitzarekin, jardunaldiko puntuak poltsikoratu zituzten. Defentsan denbora luze eta gogor aritu behar izan zuten partida osoan zehar eta, ondo antolatzeko arazoak izan bazituzten ere, Gaztedi Bren erasoak gelditu ahal izan zituzten. Erasoan, bertzalde, eraginkor aritu ziren bidasoarrak eta gasteiztarren zelaira iritsi ziren aldietan puntuak eskuratzea lortu zuten.Lehen zatiko bostgarren minutuan, Aitor Asurmendik lehen entsegua lortu zuen eta Alejandro Lasak eraldatu, 0-7ko markagailua ezarriz. Segidan, Lasak berriz ere, bertze hitu puntu lortu zituen makilen artean sartutako zigor kolpe batez bidez. Hurrengo minutuetan, zigor kolpe gehiegi jasota, defentsan sendoago ibili behar izan zuten mugakoek eta etxekoak gai izan ziren hori hausteko eta 7-10ekoa ezartzeko. Hala ere, hurrengo jokaldian, Ekain Hiribarrenek entsegu bat egin eta 7-15eko emaitza jarri zuen behin-betiko. (Argazkia: Thalia Cuéllar)
Osorik irakurri